Hainbat eskolatako gurasoek eta haurrek Alderdi Eder hartu dute, hezkuntzari lotutako kezkak eta aldarrikapenak plazaratzeko
Eusko Jaurlaritzaren delegazio aurrean hasi dute protesta, eta ondoren udaletxera gerturatu dira. Izan ere, norberak bere erantzukizuna duela azpimarratu dute.
Zerua ikusita, gurasoen elkarretaratzeko sustatzaileek euren kezkak zituzten nor azalduko ote zen. Azkenean, arratsaldeko seiak jo aurretik, Eusko Jaurlaritzako delegazio aurrean ehunka guraso eta haur bildu dira protesta egiteko. Hamabost minutuz han izan ostean, denak elkarrekin udaletxera abiatu dira, euren hitzetan, “udalak ere bere ardura baitu hainbat puntutan”.
Protestan zehar askotariko leloak irakurri zitezkeen txikienek zein helduenek eutsi dituzten karteletan. Baina gehien errepikatzen zen mezua “Eskolara joan nahi dut!” izan da. Izan ere, gaurko elkarretaratzean, aldarrikapenaren puntu nagusietako bat izan da aurrez aurreko eskolak bermatzea, giza baliabideak zein baliabide materialak indartu eta kontziliazioa errazteko eskakizunaz gain. Aldarrikapen horiek guztiak jasotzen dituen adierazpena protesta amaieran irakurri dute, udaletxe aurrean:
Guztira, hamaika eskolatako guraso elkarteak atxiki dira deialdira, denak Donostiakoak: Ibai Ikastola, Jakintza Ikastola, Ikasbide, Igeldoko herri ikastetxea, Luberri, Intxaurrondo, Amassorrain, Aitor Ikastola, Amara Berri, Aiete ikastetxea eta Lauaizeta. Baikara Gipuzkoako eskola publiko ez unibertsitarioen Ikasle Gurasoen Elkarteen Federazioak protesta babestu du.