Haserreak protestara eramango ditu eskolatako hainbat guraso elkarte
Aurrez aurreko eskolak bermatzea, baliabide materialak eta pertsonalak indartzea eta kontziliazioa erraztea dira euren aldarrikapenen hiru zutabeak. Baikara Gipuzkoako Ikasleen Guraso Elkarteen Federazioak bat egin du horiekin.
Ardura, kezka, eta, batez ere, haserrea. Ikasturte berriaren hasiera dela eta sortutako «planifikazio faltak», «ezjakintasunak» eta «kontraesanek» askotariko sentsazioak piztu dizkiete gurasoei. «Eskoletara bidalitako guztia —protokoloak eta irizpideak— oso irekia izan da», adierazi du Amaia Rodak, Gorgain Amassorrain ikastolako guraso elkarteko kideak. «Sentitu dugu Eusko Jaurlaritzak arauak jarri, edo behintzat, irizpideak argitu behar zituenean, erantzukizuna eskolaren eskuetan utzi duela, horrek dakarren zailtasunarekin», gehitu du Mikel Iriartek, Jakingura Jakintza ikastolako gurasoen elkarteko kideak. «Zerbait gertatzen bada, errua eskolari botako diote, zuzendaritzak kudeaketa txarra egin duela esanez», azpimarratu du Rodak. Arazoa harago doala gaineratu du Aitziber Laranga Gordaineko kideak: «Protokoloaren inguruko formakuntzarik ez zaie eman».
Egoeraz nekatuta, hainbat eskolatako gurasoek elkarretaratzea egingo dutegaur. 18:00etan izango da, Alderdi Ederren, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, eta astekari honen edizioa ixtear zenean, hamar eskolatako guraso elkarteak zeuden deialdira atxikita, denak Donostiakoak: Ibai Ikastola, Jakintza Ikastola, Ikasbide, Igeldoko herri ikastetxea, Luberri, Intxaurrondo, Amassorrain, Aitor Ikastola, Amara Berri eta Aiete ikastetxea. Gainera, Baikara Gipuzkoako eskola publiko ez unibertsitarioen Ikasle Gurasoen Elkarteen Federazioak protesta babestu du.
Protesta egiteko lehen pausoak ekainean eman ziren. «Lanpostuen zerrenda jaso genuenean, ikusi genuen jangelako langileei jardunaldia erdira jaitsi zietela. Nahiko harrituta geratu ginen, ez genekielako horrek zer esan nahi zuen zehazki. Jangela zerbitzua murriztu nahi zuten? Zuzendariak ere deitu zidan», kontatu du Oihana Santolariak, Ibai Ikastolako Ibai Gurasoak elkarteko lehendakariak. Egoera ikusita, haiek zerbait egiteko garaia zela pentsatu zuten. «Hiriko beste hainbat eskolatako gurasoekin, baita Baikararekin, kontaktuan jarri ginen euren egoerak ezagutu eta ikuspuntuak partekatzeko. Dena desastre hutsa zen, eta konturatu ginen gure ezinegona nolabait adierazi behar genuela», gehitu du. «Martxotik gaurdaino, esfortzu guztia gurasook eta eskolek egin dugula sentitzen dugu. Udan Hezkuntza Sailak erreakzionatzea espero genuen», azaldu du Ibaiko beste guraso batek, Geno Ruedak.
Aldarrikapenaren nondik norakoak
Gurasoen aldarrikapenak hiru oinarri ditu. Horietako bat kontziliazioa da. «Apur bat abandonatuta sentitu gara», nabarmendu du Larangak. Guraso bakarreko familia osatzen du berak. «Nik ez dut haurra non utzi, eta nire gurasoak arrisku taldekoak dira. Zer egingo dut? Lana utzi? Kasu horretan, zein diru sarrera izango dut?», kontatu du. Are gehiago, batzuek dagoeneko lana utzi behar izan dute, eta beste batzuek murrizketak eskatu edo oporrak hartu behar izan dituzte.
Bigarren puntua, berriz, baliabide materialak eta pertsonalak dira. Batetik, azpiegiturari lotutako eskaerak daude: «Jakintzaren kasuan, eraikina oso zaharkitua dago, eta patio txikia du; hori estaltzea beharko genuke», kontatu du Iriartek. «Guk frontoia erabili ahal izatea eskatu dugu, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso», azaldu du Santolariak. Hala ere, arazo nagusia giza baliabideen gabezia da. «Garbitzaileen zerbitzua indartzea oso garrantzitsua da. 11:00etan etortzen dira, eta lehenago etortzea eskatu nahi dugu, desinfekzioa egin eta haurrek beste jarduera batzuk egiteko aukera izan dezaten», dio Iriartek. Monitore falta ere sumatu dute. «Gehiago jartzen ez badira, eskatu dizkiguten geletako burbuilak ezingo ditugu mantendu», kontatu du Larangak.
Edozein kasutan, arazo horietako asko zaharrak dira. «Kontu honek lehenagoko hainbat gabezia utzi ditu agerian, alegia, eskolan lehenagotik zeudenak: azpiegitura zaharkituak, irakasle berriak urtero, eta abar», nabarmendu du Santolariak. Azkenik, hirugarren oinarria aurrez aurreko eskolak bermatzea da: «Hori ezinbestekotzat jotzen dugu», azpimarratu du Santolariak.
Haurrak, kaltetuenak
Egoera honetan haurren sufrimendua nabarmendu dute gurasoek. «Beldur dira. Konfinamenduaren ondorioz, nire seme-alabak behintzat, kalera ateratzeko beldur ziren, eta orain ere hala jarraitzen dute. Bestetik, nire iloba tik batekin hasi da. Ondorioak baditu», kontatu du Rodak. «Gertatu denaz kontziente dira, nireak behintzat», gehitu du Ruedak. «Niri haurren osasunak kezkatzen nau, ez koronabirusari lotutakoak, baizik eta haien osasun mentalari eta ohiturei dagokiona. Izan ere, honek guztiak haurrengan ondorio larriak izango ditu», nabarmendu du Santolariak. Rueda ere bat dator: «Euren oinarrizko beharrak, eta behar emozionalez ari naiz, ez dira kontuan hartzen. Zortzi orduz maskararekin, gelakideen eta irakaslearen aurpegiak ikusi gabe, eta gelan ondokoarekin harremanik izan gabe egotea gogorra da eurentzat».
Horregatik guztiagatik, gaurko elkarretaratzera haurrak ere joatea garrantzitsua dela azpimarratu dute: «Arazo honetan guztian kaltetuenak izan dira, eta aldarrikatu nahi dugu haurrak hor daudela eta ikusi behar direla», aipatu du Ruedak. «Bestalde, haurrak elkarretaratzera eramatea hezteko modu bat da. Askotan eskolarengan delegatzen dugu, eta etxetik ere egin behar dugula ahazten dugu. Guraso gisa balio batzuk helarazi behar dizkiegu: autonomoagoak izaten eta euren kabuz pentsatzen ikasi behar dute, baita gabezia handiko egoera baten aurrean benetan planto egiten ere; ez besterik gabe kexatzen, mobilizatzen baizik», itxi du Iriartek.