Ibaeta Basketek eta Gipuzkoa Basketek liga hasiko dute asteburuan
Normaltasunerako itzulera kirolera ere iristen ari da apurka-apurka. Emakumezkoen zein gizonezkoen saskibaloi ligak asteburuan itzuliko dira. Ibaeta Basketek, etenaldi luze honen ostean, etxetik kanpo hasiko du liga, Leonen, Bembibreren kontra. Gipuzkoa Basketek, berriz, lehen mailara itzuli berri, etxean jokatuko du lehen partida, aurkari zail baten aurka: Real Madril.
Eskubaloian, Bera Berak Atletico Guardes hartuko du ligako etxeko lehen partidan, bere taldeko aurkaririk gogorrena. Etxekoak pozik daude, batik bat zaleak zelaira itzuliko baitira. 350 bat pertsonek partida aurrez aurre jarraitzeko aukera izango dute.
Izotz Hockeyan, Txuri Urdinek ligako finaleko kanporaketako azkeneko bi partidak jokatuko ditu Puigcerdaren aurka asteburu honetan. Liga irabazteko, biak ala biak irabazi beharko ditu talde donostiarrak, lehenengo partidan Puigcerda nagusi izan baitzen. Zelaia, behintzat, alde izango du, Txuri Urdin izotz jauregian jokatuko baitira biak.
Futbolean, azkenik, partida zaila izango du Realak Real Madrilen kontra. Sasoi honetako Anoetako lehen partida izango da txuri-urdinentzat. Imanol Alguacil entrenatzaileak taldea gogotsu dagoela nabarmendu du. Hala ere, lesioek zein koronabirusak izandako eraginak pairatzen ari direla ere onartu du.
ESKUBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Bera Bera – Atletico Guardes (Ostirala, 21:00)
SASKIBALOIA
Gizonezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – Real Madril (Larunbata, 20:45)
Emakumezkoen lehen maila, 1. jardunaldia
- Bembibre – Ibaeta Basket (Igandea, 21:00)
IZOTZ HOCKEYA
Gizonezkoen senior maila, Finalaren kanporaketak
- Txuri Urdin – Puigcerda.
- Lehen partida: Larunbata, 14:30
- Bigarren partida: Igandea, 13:00
FUTBOLA
Gizonezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Reala – Real Madril (Igandea, 20:00)