"Ikuslea horrelako pertsonei begietara begiratzea behartu nahi dut"
Kalean bizi direnengan arreta jarri du Ekain Irigoienek (Altza, 1981), eta haien bizitza bere hartan kontatu du ‘Hijos de Dios’ dokumentalean. Madrilgo etxegabeentzako aterpetxe eta zentroetan ezagutu zituen filmeko protagonistak, eta haiekin lortu duen konplizitateari eta laguntasunari esker egin ahal izan du proiektu hau.
Kalean bizi diren pertsonak dira zure filmeko protagonistak. Zerk bultzatu zaitu horrelako proiektu bat egitera?
Hemengo abeslari bati buruzko dokumentala egin behar nuen, baina azkenean bertan behera geratu zen. El Pais-en argazkilari baten lanari buruzko erreportaje bat ikusi nuen. Argazkietan New Yorkeko etxerik gabeko jendea agertzen zen, lehen planoan. Biziki hunkitu ninduen, eta pentsatu nuen begirada horien atzean bazegoela istorio bat.
Zergatik jarri diozu ‘Hijos de Dios’ izenburua dokumentalari?
Nire lagun batek erabili ohi du. Askotan jendeaz hitz egiten hasten garenean zera esaten omen dugu: ‘Honek ez dakit zer egin omen zuen, eta hark hura…’. Eta berak esaten du: ‘Bueno pero ellos tambien son hijos de Dios‘. Eta oso esanguratsua iruditu zitzaidan esaera hori. Ikuspegi erlijioso batetik ikusita, guztiok gara jainkoaren semeak, baina jainkoak askotan seme batzuk ahaztu egiten ditu. Eta horrekin jolastu nahi nuen. Filmean erakutsi nahi izan dut kalean bizi direnak ere gizartearen parte direla –nahiz eta dirudien kalean bizitzeagatik aparte bizi direla– eta beraien istorioak kontatzea merezi duela.
Madrilen filmatu duzu. Zergatik?
Horrelako errealitateak askoz gogorragoak eta krudelagoak izaten dira hiri handi eta erraldoietan, non jendea batera eta bestera dabilen. Kalean bizi direnak ikusezin bihurtzen dira hainbeste jenderen artean. Iruditzen zitzaidan filmak indar gehiago izango zuela hiri handi batean Donostian baino.
Nola lortu duzu kalean bizi direnengana gerturatzea? Nolako prozesua izan da?
Duela sei urte jarri nintzen harremanetan FACIAMekin, Marjinatuei Laguntzeko Elkarteen eta Zentroen Federazioarekin. Haien bidez iritsi nintzen kalean bizi direnengana. Zortzi hilabetez Madrilgo aterpetxeetan egon nintzen: han lo egin, beraiekin bazkaldu, beraiekin eguna pasa… Filmeko protagonistak izango zirenak bilatzen hasi nintzen. Hasi eta bi hilabetera Javirekin egin nuen topo. Bere bizitza erakargarria iruditu zitzaidan, eta gainera bazituen beste bi lagun: Romerales eta Mari Jose. Pentsatu nuen triangelu horrek mugimendua eman ziezaiokeela filmari, kalean bizi direnen bizitza oso estatikoa baita, eta hori ez da oso zinematografikoa izaten.
Filmean agertzeko trabarik jarri al zizuten?
Nire proiektua azaldu nien, eta aurrera egin genuen. Hainbeste denbora eman nuen haiekin harreman hori sortzen, konfiantza lortu ondoren ez nuela arazorik izan. Hasieratik oso eskuzabalak izan dira. Oso ausartak ere bai, beraien bizitza inolako taburik gabe kontatzeko, ezkutatzeko ezer ez balute bezala erakusteko. Nik egin dudan gauza bakarra izan da sei urte hauetan beraiei begietara begiratu, pazientzia izan gauzak gertatu ahala filmatzeko, beraiei entzun, kasu egin eta filmatu nik beraiek ikusten nituen moduan. Dokumentala egoki egituratzeko materiala bildu nuenean itxi nuen filma.
Ia sei urteko prozesua izan da. Zenbat material grabatu duzu?
Ehunka ordu grabatu ditut 70 minutuko dokumentala sortzeko. Erabili ditut benetan euren arima agertzen diren sekuentzia horiek.
Hasieratik argi izan nuen haiekin lortuko nuen intimatea, laguntasuna, konfiantza, eta konplizitatea dokumentalaren gakoa izango zirela. Haiek kamerez ahaztea, eta lagun arteko jolas moduan hartzea lortu behar nuen. Eta horrela izan zen.
Zuk idatzi eta zuzendu duzu dokumentala. Nola moldatu zara hau guztia egiteko?
Oporretan, lanean izan ditudan tarte luzeetan eta asteburu luzeagoak izatea lortzen nuenean grabatu dut. Nik Javirekin ia egunero hitz egiten nuen, egoera nola zegoen kontatzen zidan Madrildik. Bera izan da filma egiteko izan dudan konplizea eta ardatza. Niretzat eta nire familiarentzat sakrifizio handia izan da, bat-batean bi familia bainituen.
Zein zen zure helburua?
Euren bizitza bere hartan kontatzea. Kanpotik artifiziorik sartu gabe, eta gidoirik gabe. Benetakoa den pelikula bat egitea, fikzioaren egitura eta lengoaia erabiliz.
Jendeak normalean horrelako jendea ikusten duenean beste alde batera begiratzen du, eta, nik, zera nahi nuen: Madril bezalako hiri batean, non jendea beti dabilen hara eta hona, jende hori guztia fokutik atera, eta normalean fokurik ez duen jendea jarri fokupean. Ikuslea horrelako pertsonei begietara begiratzera behartu nahi dut. Plano askotan, beraiek kamerari begiratzen diote. Horietatik asko kendu ditut, baina ikuslearen eta euren artean jolastu nahi nuen.
Filma egiteko laguntzarik izan al duzu?
Produkzio propio bat da. Filma egiteko gogoa nuen, eta azken momentura arte bakarrik ibili naiz. Azken txanpan ginela, ordea, filmatzeko tresnak lapurtu zizkiguten. Txintxua ekoiztetxeak eta Noise estudioak lagundu didate. Eta beraiei esker bukatu dut, bestela oraindik dokumentalarekin bueltaka jarraituko nuke.
Larunbatean estreinatuko da, Principe zineman. Momentu berezia izango da?
Javik, Romeralesek eta Mari Josek ilusio handia zuten proiektu eta film honengan. Javi hemen izango da Zinemaldian, eta harekin aurkeztuko dut filma. Momentu garrantzitsua izango da niretzat, eta protagonistentzat ere bai. Oharkabean pasatzera ohituta daude, eta bat-batean ikustea areto bat ikuslez beteta, beraiek bere burua pantaila handi batean ikustea… Niretzat egile moduan opari bat da. Ez dut sari gehiago behar.
Arlo pertsonalean arrastoa utzi dizu proiektuak?
Nik asko ikasi dut. Gutako edonork beraiek izan dituzten bizipenak izan bagenitu, ez ginatekeen beraien egoeratik horren urrun izango. Haien duintasuna ere azpimarratu nahi dut. Euren bizitzaren jabe sentitzen dira, eta ez diote inori errurik botatzen. Oso kontziente dira tokatu zaiela, bai, baina euren erabakiek ere izan dutela zerikusia eurak orain horrela egoteko.
Baduzu beste proiekturen bat esku artean?
Bai, idazten ari naiz. Errefuxiatuen gaia dabilkit buruan bueltaka. ACNUReko bazkide naiz aspalditik, eta gustatuko litzaidake haiekin hitz egin eta zerbait egitea. Kontzientziak astinduko dituen film bat egin nahi dut. Niretzat hori baita zinea: kontzientziak astintzeko baliabide garrantzitsu bat.
Hijos de Dios-ekin ere hori lortu nahi dut. Aurreiritzi asko ditugu, kalean ikusten dugun edonor gaiztoa dela uste dugu, zerbaitegatik dagoela hor… Eta kalean jende zoragarria dago, pertsona on asko.