Infernua sutan dago
Gaur egun, hamarnaka pertsona bizi dira Infernua auzoan, eta horietako asko egoera zaurgarrian daudela salatu dute. Ibaetako eremu hori erabat eraldatzeko hirigintza plana abian du udalak, eta bizilagunek beldurra eta ziurgabetasuna sentitzen dutela adierazi dute.
Infernua auzunea zeharo abandonatuta dagoela pentsatzen dute donostiar askok, izan ere, eremuan dauden pabiloi eta industria-nabe askok aspaldi utzi zioten euren jatorrizko funtzioa betetzeari. Ordea, gaur egun hamarnaka pertsona bizi dira Infernuan, eta horietako asko «egoera zaurgarrian» daudela jakinarazi du Infernua Bizirik bizilagunen mugimenduak. Joan den astean izandako polizia operazioak azalera atera du han bizi diren pertsonen egoera, eta bizilagunek zein hainbat gizarte erakundek makina bat pertsonak hirian pairatzen dituzten etxebizitza arazoak konpontzeko beharra aldarrikatu dute. Gainera, salatu dute Infernuan azken hilabeteetan izaten ari diren polizia operazioak «erabat arrazistak» direla, eta han bizi direnen kriminalizazioa bilatzen dutela.
Ibaetako eremu hori eraldatzeko plana abian du Donostiako Udalak. Hain zuzen, Infernuko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren behin behineko aldaketa onartu zuten joan den irailaren 4an, eta Udalbatzak babestea falta da behin-betiko onartzeko. Gaur egun zutik dauden eraikinak bota eta hiru zona proposatzen ditu Plan Orokorrak: «erabilera tertziarioko gunea, bizitegi eremua, eta autoen kontzesionarioen eremua», azaldu du Nekane Arzallusek, Hirigintzako zinegotziak.
Arzallusen ustez, hirigintza plana gauzatzeak une honetan «degradatuta dagoen gune bat» hiriarentzat berreskuratzea ekarriko du. Gainera, uste du horri esker Ibaeta-Errotaburu eta Añorgaren arteko lotura sendotuko duela, «proiektuak hiriari jarraipena emango baitio». Halaber, baieztatu du proiektuaren tramitazioak luze joko duela oraindik: «Udalbatzak behin behineko onarpena emango dio irailaren 24ko udalbatzarrean. Ondo bidean, hiru hilabete barru emango litzaioke behin betiko onarpena. Ondoren, eremua Urbanizatzeko Jarduketa Programa egin behar da, eta ondoren, urbanizazio proiektua. Hori egiten denean eraikitzeko baimenak emango lirateke. Beraz, esan bezala, tramitazioak luze joko du bertan lanak hasi aurretik».
Auzotarren ziurgabetasuna
Auzotarrek, ordea, ez dute etorkizuna horren modu positiboan ikusten, ez dakitelako zer gertatuko den haiekin hirigintza plana gauzatzen hasten direnean: «Auzoan bizi garen pertsonok beldur handia dugu. Ez gaude Infernuan izugarri gustatzen zaigulako, joateko beste lekurik ez daukagulako baizik», adierazi du Sara De Castro bizilagunak. «Fabrika» deitzen dioten pabiloian bizi da Brasilgoa, beste 60 pertsonarekin batera; hain zuzen, auzunearen sarreran dagoen eraikina da, Plasticas Oramil S.A. errotulua duena. Oro har, askotariko jatorrietako pertsonak bizi dira Infernuan: Brasilgoak, Afganistangoak, Nigeriakoak, Marokokoak, Algeriakoak, Euskal Herrikoak, Gineakoak, Senegalgoak, Boli Kostakoak, Gabonekoak, Malikoak, Mendebaldeko Saharakoak eta Gambiakoak.
De Castroren esanetan, pertsona horiek, oro har, zailtasun handiak dituzte lan merkatura sartu ahal izateko, egoera irregularrean daudelako, edo adin altua dutelako: «Donostiako gizarteak ez ditu pertsona hauek integratzen, eta asko babesten dira euren komunitatean. Esango nuke askok gizartean integratzeko itxaropena galdu dutela». Esaterako, fabrikan bizi diren guztietatik pare bat pertsonak bakarrik dute enplegu formala, eta hala ere, oso prekarioak dira: «Soldatak ez die ematen alokairua ordaintzeko».
Eusko Jaurlaritzak gizarte laguntza sistema indartsua duela uste du De Castrok, baina kritikatu du askorentzat «helezina» dela: «Sarbide irizpideak betetzea ia ezinezkoa da pertsona askorentzat. Esaterako, DBE [Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta] eskatu ahal izateko, hiru urteko erroldatzea izan behar da, gutxienez, eta hori denbora asko da larrialdi egoeran egoteko». Infernuan jasotzen duten gizarte laguntzari buruz, kontatu du janari banaketa zerbitzua bakarrik iristen zaiela, udalak azpikontratatutako RAIS elkartearen bitartez [Lan-munduan eta Gizartean txertatzen laguntzeko sarea]: «Janaria banatzera etortzen dira astean behin, baina banaketarako erabiltzen dituzten moduak ez dira batere humanoak».
Auzoaren egoerari buruz galdetuta, Aitziber San Romanek, Gizarte Ekintzako zinegotziak, azaldu du udalak baduela Infernuan bizi diren pertsona batzuen egoeraren berri: «Batzuen egoera ezagutzen dugu. Izan ere, azken hilabeteetan pertsona gehiago sartu dira bertara. Aurretik zeudenekin egon izan dira Gizarte Zerbitzuetako langileak egoeren berri izateko». Era berean, jakinarazi du pertsona horiei etxebizitza alternatibak eskaintzeko aurreikuspena duela udalak: «Gizarte Zerbitzuak pertsona bakoitzaren egoera aztertzen ari dira, eta ohi bezala, legearen arabera jokatuko dute laguntzak eman ahal izateko».
Polizia operazioak
Joan den irailaren 7an, Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta Espainiako Polizia Nazionalak polizia operazio bateratua egin zuten De Castro bizi den pabiloian. Donostiako Udalak emandako informazioaren arabera, lapurtutako hainbat objektu berreskuratzea eta pabiloiko pertsonak identifikatzea izan ziren sarekadaren helburuak. Honela azaldu du Martin Ibabek, Kiroleko, Herri Segurtasuneko eta Herri Babesako zinegotziak: «Polizia operazioa inguruko hainbat bizilagunen salaketen ondorioz gauzatu zen. Bizilagun horiek hainbat lapurreta eta liskarren gaineko salaketa egin zuten Udaltzaingoan, eta ikerketa bat egin ondoren, delitu zantzuak egon zitezkeela ondorioztatu zuten; bertan lapurtutako hainbat objektu berreskuratu ahal izango zituztela ikusi zuten. Operazioaren ondorioz, lapurtutako 30 bizikleta, motor bat eta beste hainbat objektu berreskuratu ahal izan zituzten».
Ordea, bestelako iritzia dute Infernua Bizirik mugimendua osatzen duten auzotarrek: haien ustez, azken hilabeteetan areagotu diren polizia operazioen bitartez, Infernuan bizi diren pertsonak kriminalizatzen saiatzen ari da udala, eta auzoa «garbitu» nahi dutela ohartarazi dute, hirigintza plana erraztasun handiagoz gauzatu ahal izateko.
Joan den asteko sarekadaren harira, ohar bat zabaldu zuen Infernua Bizirik mugimenduak, izandako «immigrazioaren aurkako operazio arrazista» salatzeko; SOS Arrazakeriak eta Hiritarron Harrera Sareak ere ohar bana zabaldu zuten, operazioa gaitzesteko. SOS Arrazakeriaren ustez, polizia operazioek espazio horretan bizi diren pertsonen egoera ordena publikoko arazo gisa aurkeztea ahalbidetzen dute, eta horrela, erakundeek pertsona horiekiko duten erantzukizuna saihesten dute. Horrela, Hiritarron Harrera Sareak ere gogor kritikatu du gertaera: «Infernuan egin berri den polizia-jarduerak urrunetik datorren arazo batera garamatza: etxerik gabeko ehunka pertsona daude hirian, eta erakundeek ez dute horientzat alternatibarik eskaintzen. Kolektibo horiekin lan egiten duten gizarte-erakundeek behin eta berriz planteatzen diete arazoa erakundeei, erantzunik jaso gabe».
«Polizia operazioak ohikoak bilakatu dira Infernuan, eta zoritxarrez, normalizatu egin dugu poliziaren presentzia. Lehen eraikineko etxeetan bizi garen bizilagun zuriok amorruz bizi dugu egoera, izan ere, askotan ikusten dugu nola joaten diren Fabrikakoen bila. Poliziari informazioa eskatzen diogunean, ez digute inongo informaziorik ematen. Inpunitate osoz jokatzen dute. Gure etxean gehiengoa zuriak gara, eta gu ez gaituzte inoiz molestatu. Argi eta garbi auzoko migratzaileen aurka ari dira», azaldu du fabrikaren alboko eraikinean bizi den auzotar batek.
Joan den igandean, azken polizia operazioa salatzeko manifestazioa egin zuten, eta Infernua Bizirik mugimenduak «eusteko» eta euren auzoa defendatzeko asmo irmoa adierazi zuen amaierako ekitaldian; halaber, elkartasuna adieraztera deitu zituen herritarrak.
BABESTU BEHARREKO ONDARE ARKITEKTONIKOA
Ancora ondarearen babeserako elkarteak argitaratu duenez, intereseko hiru eraikin daude Infernuan. Auzoaren aurretik igarotzen den errepidetik gehien ikusten dena izanik, hiru horietatik ezagunena da Plasticas Oramil S.L. zena, gaur egun auzotarrek Fabrika izenez izendatzen duten eraikina. Ancorakoen arabera, Fernando Iñiguez (1940-1948) industria ingeniariak eraiki zuen, eta 2017an Donostiako Udalak eskatutako industria ondareari buruzko ikerketa batean bere kontserbazioa gomendatzen da.
Bestalde, Zubiberri baserria nabarmendu dute Ancorakoek, eta Josu Tellabide etnologo eta historialariak esandakoaren arabera, XIX. mendearen bigarren erdian eraikitakoa da. Azkenik, garrantzitsutzat jo dute Ramon Cortazarrek 1928an eraikitako Bidezainen Etxola.