Lana "bakean" egiten uzteko eskatu dute ostalariek 68. Zinemaldiaren inaugurazioan
Gipuzkoako hainbat ostalarik lapiko jotzea egin dute gaur, 68. Zinemaldiaren inaugurazioaren aurretik. Konstituzio plazatik abiatuta, Kursaalaren aurrealderaino joan dira, eta han jarraitu dute protesta zaratatsua. Konstituzio plazan hasi dute protesta, eta Kursaalaren aurrera iritsi direnean, Ertzaintzak bidea moztu die; tentsio uneak izan dira orduan, eta poliziak Ramon Maria Lili kalera bideratu ditu ostalariak.
Gipuzkoako hainbat ostalari protesta egiten ari dira, COVID-19aren harira ezarritako neurriengatik. Eusko Jaurlaritzari luzatu diote mezua: "Bakean lan egin nahi dugu, kriminalizaziorik gabe"@irutxulo pic.twitter.com/faElxmf0bD
— Irati Salsamendi (@IratiSalsamendi) September 18, 2020
Ostalariek iragarri dute protestak egingo dituztela Zinemaldiak irauten duen egunetan, hilaren 18tik 26ra, hain justu. Gaur bezala, 19:30ean hasiko dute mobilizazioa egunero, Konstituzio plazan. Que no te cuenten películas: ostalaritza ez da birusa lelopean euren lana “bakean” egiten uzteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta erakundeak ostalaritzaren, eta bereziki, gaueko aisialdiaren sektorea kriminalizatzen ari dela salatu dute.
Honakoa aldarrikatu dute ostalariek: “Eusko Jaurlaritzak ez ditu betebeharrak bete, eta gure sektorea zigortzen ari da, haien ustetan beste lanpostu batzuek baino garrantzia gehiago duten lanpostuak sakrifikatuz. Gure lan bakean egiten uztea exijitzen dugu, eta utziko ez badigute, gure biziraupena bermatuko duen laguntza zuzena exijitzen dugu. Aski da! Gure jardueraren deabrutzea eta jasotako mespretxuek amaitu beharra dute! Ez dezagun ostalaritza hiltzen utzi!”.
Abuztuan hasi zuten borroka
70 ostalaritza establezimendu baino gehiago abuztuan elkartu ziren, eta mobilizazioak egiten hasi ziren, erakundeak euren sektorean hartzen ari ziren murrizketa neurriak salatzeko. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartetik kanpo ari dira mobilizatzen, eta hainbat protesta egin dituzte, besteak beste, abuztuaren 14ko salbean kazerolada egin zuten Santa Maria elizaren aurrean. Mobilizazioak egingo zituztela iragarri zutenean, hedabide honek Elena Guinea Aurresku tabernako arduraduna elkarrizketatu zuen, euren aldarrikapenen berri izateko.