Normaltasun berria, baina udala lepo beretik
Belartzako epaia ez du bete, eta harri pila han da; Lourdes Txikin ez du fitxik egin; zuhaitz mozketa ez da gelditzen; eta Urumea marroia dator. Udazkena hazi bilketarako eta ereiteko garaia dugu. Udaberri berdea izango al da? Hala nahi genuke, baina udalaren esku dago.
Ikasturte berria eskoletan, normaltasun berrian bizi omen gara, politika aldaketa nabarmenik ordea ez da gertatu. Ingurumen alorrean zaharrak berri, udala lepo beretik datorrela baitirudi. Udazkena sasoi bikaina gerta liteke aztura txarrak eta eginbide desegokiak hosto zaharrak bailiran botatzeko eta baztertzeko. Nahiko genuke baina, errealitateari so eginda, ezin baikor sentitu. Izan ere azken urteetako gatazkek bere horretan darraite. Udala egoskor mantentzen da zentzurik gabeko ihesaldian baina inora ez doan ibilbidean.
Belartzan epaia bete gabe
2019ko ekainean EAEko Auzitegi Nagusiak Haritzalderi eman zion arrazoia, eta Belartza gainan eginiko harri pilaketa eta Donostiako Udalak horretarako emandako baimena legez kontrakoak zirela ebatzi zuen. Ateratako epaiak bi hilabeteko epea eman zion udalari harriak kentzeko prozesuari ekiteko. Urtebete pasata, ekainean, publikoki salatu genuen udalak ez zuela ezer egin. Hil bukaerako udalbatzarrean Hirigintza zinegotziak epaia beteko zutela aurreratu zuen, baina mugimendurik ez, eta gainera hara non azaltzen den Abiadura Handiko Trenaren obretarako proiektuan Belartza gainan hondakindegia jartzea aztertzen ari direla. Ilegala litzateke. Uztaileko udalbatzarrean Hirigintza zinegotziak berretsi zuen udalak epaia beteko zuela eta AHTaren proiektuko Belartzarako egitasmoa okerra zela. Egin ote duen ez dakigu, baina oraindik epaia betetzeko urratsik egin duen ez dakigun bitartean, iritsi zaigu Belartzako lurren jabeekin berriro negoziatzen ari direla. Gauzak horrela, epaitegira jo behar izan dugu beste behin, oraingoan behin betiko den epaia udalak bete dezan. Gezurra badirudi ere, legea bete eta betearazi behar zuen erakundeak muzin egiten dio. Udalaren esku dago ingurumenean aitzindaria izatea eta aurretik tiraka joatea ala aingura eta balazta izatea.
Zuhaitzak, bizi kalitatea, osasuna eta klima aldaketa
Lourdes Txikin 2017an sekulako triskantza burutu zen, atzean udala zegoela, Enrique Ramosek zuzentzen zuen Hirigintza saila, hain zuzen ere. Han, ehun urtetik gorako haritzak moztu ziren, 20.000 metro koadroko berdegunea erabat soilduta gelditu zelarik. Ordutik hamaika buelta, eta proiektuak eskatu arren, orain arte ezer ez; eta kanpoko landare inbaditzaileek tokia erraz topatzeraino.
Maiz azpimarratu izan dugu hirietako zuhaitzen garrantzia, eskaintzen diguten guztia, eta gogor salatu ohi ditugu mozketak hirian, batzuetan interes partikularrei erantzuten zietenak. Jakin dugun azkena Zorroagan gertatu da, Gurutze Gorriaren egoitza berrian. Argazkian ikus daitekeenez, eite handiko aleak errotik moztu dituzte. Orain hobeto ikusiko da eraikina, baina Gurutze Gorriarentzat berarentzat estreinaldi bikaina. Zoritxarrez gehiegitan errepikatzen den gertaera da. Lanak diren tokian eta zaharberritze prozesuetan zuhaitzek traba egiten dute beti eta proiektu berrian integratzeko interes gutxi izaten da, gehienetan desagertzeraino. Horrela, Donostian poliki-poliki tamaina handiko zuhaitz ugari galdu ditugu.
Klimaren aurkako borrokan eta ondorioak leuntzeko eta horietara egokitzeko ekintzak ederki saltzen dizkigute plano teorikoan eta diskurtsoetan. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, eta porlana eta grisa nagusi dira amaitu edo amaitzear dauden obretan. Bestela, begiratu Loiolako Eusko Tren geltokiko inguruari eta Txomiñeneko Aintzieta pasealekuari: han zeuden zuhaitzak moztu dituzte, etaez dute bat bera ere jarri. Basamortu grisak dira. Ibai parkean ere salatu genuen oso eskasak zirela ibar-basoa behar zuen lekuan. Agian, sarreran jarritako palmondoak klima aldaketarako egokitzapena izango da.
Urumea ibaia
Uda honetan Urumea ere ez da libratu eta, batez ere Martuteneko obrak direla eta, marroiaren tonalitate guztiak ezagutu ditu. Ingurumen gaineko inpaktu ebaluaketa eginda eta ondorioak gutxitzeko neurriak hartuta, baina kalteak begi bistan ur-kalitatean eta ertzeetan, hori Sarruetan mendiari jandako pusketa ahaztu gabe. Inguru hartan eraikitako zuhaitzak bertikalegiak dira etzanagoak izan zitezkeenean. Segurtasunaren izenean egin dela izango da argudioa. Kapitalak agintzen duenean naturak berak, Urumeak oraingo honetan, tokirik ez. Uholde lautadan geu jarri, baina ibaia erruduna.
Zerbait positiboa: Ulian ehiza debekatu dute
Luza gintezke zaborrei begiratuta, gure ustez zentzurik gabe Santa Klara uhartean eraikitzen ari den eskulturari eta inguruaren babes ezari, erraustegiari, metroari eta beste hainbat ingurumen afera eta gatazkari, baina zertzelada positibo eta koloretsua eman nahiko genuke ingurumari gris honetan. Azkenean bai, lortu dugu. Ulia ehizarik gabeko mendia izango da. Jarduerak utzitako hondakinak, kartutxo azalak eta, iraungo dute behar bada, baina bizidun gehienok lasaitasuna eta osasuna irabaziko dugu. Zorionak eta mila esker lanean aritu zareten guztioi.