Osasun langileek, bizilagunek eta sindikatuek protestak hasi dituzte lehen arretako zentroetan
Osasun langileen “muturreko egoera” salatzeko, eta osasun sistemaren “arazo larrienetarako” konponbideak eskatzeko protestak abiatu dituzte gaur EAEko lehen arretako zentroetan. LAB, SATSE, ELA, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, langileek elkarretaratzeak egin dituzte han eta hemen; Donostian jarraipena izan du deialdiak, eta hainbat anbulatoriotan egin dute protesta, esaterako, Egian, Grosen eta Ondarretan. Egian protestan parte hartu dute anbulatorioko langileek, baita hainbat bizilagunek ere, Egia Bizirik auzo elkarteak deituta.
Mobilizazio dinamika bat hasi dute gaur osasungintzako langileek Osakidetza: honaino heldu gara! lelopean. Gaurkoaz gainera, beste bi protesta egingo dituzte. Irailaren 25ean, ostiralean, EAEko ospitale guztietan egin nahi dituzte elkarretaratzeak, 11:00etan. Urriaren 3rako, aldiz, manifestaziora deitu dute; Bilbon izango da, 12:00etan.
Sindikatuek modu bateratuan argitaratu duten oharrean koronabirusaren pandemiak “larriagotu eta azaleratu” duen egoera salatu dute: “Azpimarratu nahi dugu egungo arazoak ez direla arazo berriak. Urrunetik datozen arazoak ditugu aurrean, azken urteetako murrizketa-politiken ondoriozkoak, eta behin eta berriz salatu izan ditugunak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aurrean. Gaur egungo osasun-krisiak agerian utzi du Osakidetzan dagoen giza baliabide eta baliabide materialen eskasia”, adierazi dute.
Gaur bertan erantzun diete Osakidetzak eta Osasun Sailak langileek protestetan egindako eskaerei. Langileek protestarako duten eskubidea “errespetatzen” duten arren, esan dute ez dela “unerik egokiena”. Halaber, nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak lehen mailako arreta eta osasun publikoa sendotzeko duen konpromisoa “benetakoa eta erabatekoa” dela. Azkenik, gaineratu dute hurrengo lau urteetan 4.000 lanpostu sortzea aurreikusten dutela.