Woody Allenen filmak hiriaren "turistifikazioa" sustatzen duela salatu dute
Woody Allen zuzendariaren Rifkin’s Festival filmak eman dio hasiera Donostiako 68. Zinemaldiari. Hain zuzen ere, Donostiako zinema jaialdian girotuta dagoen komedia eman dute gaur goizean, ezohiko itxura zuen Kursaaleko auditoriumean.
Kursaalak hartu du ere 68. Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldia, eta gala egiten ari zirela aprobetxatuta, BizilaLagunEkin plataformak eta Ernai gazte antolakundeak protesta egin dute kanpoaldean, hiria bizitzen ari den “turistifikazio prozesu azkar eta bortitza” salatzeko. Lehenago, Gipuzkoako hainbat ostalarik protesta egin dute ere, Covid-19aren aurrean Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurrien aurka.
BiziLagunEkin eta Ernaik Woody Allenen filmak hiriaren “turistifikazioa” sustatzen duela salatu dute, eta aldarrikatu dute ez dutela onartzen “hiriarekin egiten ari direna”. Halaber, asmo irmoa azaldu dute “hiria negozio moduan erabili nahi dutenei” aurre egiteko: “Zinema munduan ibilbide garrantzitsua egin duen pertsona batek ez gaitu itsutzeraino liluratuko. Gure bizitzetako aktore protagonistak izateko determinazio osoa daukagu. Ez dugu onartzen gure hiriarekin egiten ari direna”, esan dute.
Horrela, kritikatu dute agintari publikoek Donostia turistifikazio prozesu “azkar eta bortitzera” eramaten ari direla, eta gaineratu dute turista eta inbertsoreak hirira erakarri nahiaren atzean “etekin ekonomiko erraldoiak” lortzen dituzten pertsonak daudela. “Bitartean, herritarron gehiengoak gero eta zailagoa daukagu Donostian bizitzea: etxebizitzaren prezioa, lan-merkatu prekarizatua, kontsumo prezioen igoera, eta abar”, gehitu dute.
Horrela, bi eskari zehatz egin dituzte BiziLagunEkin plataformak eta Ernaik. Alde batetik, eskatu dute Woody Allen eta Mediaprorekin egindako tratuak eta pelikula grabatzeko erakunde publikoetatik eskainitako zerbitzu eta laguntza oro gardentasun osoz argitzeko: “Honek enkarguzko makro iragarki baten itxura handiegia dauka”, kritikatu dute.
Bestetik, exijitu dute ez baliatzeko filma Donostia “parke tematiko gisa” karakterizatzeko eta jarduera turistikoaren sustapenerako: “Hiria desazkunde turistikoaren norabidean kokatzeko momentua da. Donostia ez da dekoratu bat eta donostiarrak ez gara figuranteak”, aldarrikatu dute.
Sexu erasoen salaketa Zinemagile estatubatuarrak iazko uztailean egin zituen grabazio lanak Donostian, eta hainbat eragilek protestak egin zituzten orduan. Allenen filmaren grabaketak “epe labur eta ertainera bertako bizilagunen bizi-baldintzetan kalteak sortzeko moduko turismoaren hazkundea” eragin zezakeela kritikatu zuten. Horrekin batera, zinemagileari egin zitzaion harrera ofiziala ere kritikatu zuten, haren aurkako sexu abusu salaketak gogora ekarriz.