Donostiako ertzen glamourra
Ostiralean, Donostiako Zinemaldiaren inaugurazio galan, Rafael Berrio musikari donostiarra gogoan izan zuten. Martxoan hil zen, eta hark idatzitako No pienso bajar más al centro abestiarekin bideo bat osatu zuten. Amor a traicion taldearekin argitaratu zuen abesti hau. Rafael Berriori eta postaleko Donostian ageri ez diren lekuei egindako keinu ederra izan zen. Izan ere, inaugurazio galaren ondoren, Woody Allenen Rifkin’s Festival filma proiektatu zuten, eta filmean ageri ez diren lekuak erakusten ditu bideoak: Donostiako auzoak, periferiak eta ertzak. Besteak beste, Aiete, Morlans, Altza, Loiola, Antigua, Egia, Intxaurrondo eta Txomiñeneko hainbat toki. Kontxako badiatik harago, Donostiako ertzen glamourraren erakustaldi bat egiten du bideoak. Harkaitz Canoren proposamena izan da, eta Morgan ekoiztetxeak egin du ikus-entzunezko pieza.
Inaugurazio galaren kanpoaldean, Kursaalaren aurrean, Woody Allenen filmak hiriaren “turistifikazioa” sustatzen duela salatu zuten. Elkarretaratzean bi eskari zehatz egin zituzte BiziLagunEkin plataformak eta Ernaik. Alde batetik, eskatu dute Woody Allen eta Mediaprorekin egindako tratuak eta pelikula grabatzeko erakunde publikoetatik eskainitako zerbitzu eta laguntza oro gardentasun osoz argitzeko. “Honek enkarguzko makro iragarki baten itxura handiegia dauka”, kritikatu zuten.