Luis Garin 'Luisito' hil da
Herrerako kirol elkarteko presidentea eta jai batzordeko kidea zen, eta auzoko hainbat egitasmotan parte hartzen zuen.
Luis Garin Casares, Luisito, Herrerako saltsa guztietan zegoen sartuta: palan, ikas pilotan, kaldereroetan… “Tipo bikaina zen, bihotz onekoa, alaia, eta, batez ere, herreratar peto-petoa zen”, adierazi dio Ane Lazkano Herrerako jai batzordeko kideak Irutxuloko Hitzari. Aspalditik jai batzordeko kide zen, eta urtero jaiaz hasteko gogoz zegoen. Luisito zuen ezizena, eta bera zen Herrerako jaietako pertsonaiaren oinarria, eta hark gorpuzten zuen jaietan.
“Bera zen ea Shakira ekarriko genuen galdetzen zuena. Jaien iraupenari keinu eginez sanferminak bezain luzeak zirela zioena, Luisitarekin batera Gaixoa ni kantatzen zuena jaien bukaeran”, kontatu du Lazkanok.
Auzoan jendeak asko maitatzen zuela azaldu du, “beti umore onez zegoelako, eta denak elkartzeko gogoa zuelako”. Bere alabak oso mezu polita idatzi duela esan du Lazkanok. “Bera bezain zoriontsu izateko deia egin du bere alabak. Irribarre handi batekin gogoratuko dugu. Muxu handi bat, Luisito!”.
Altzako Historia Mintegiko kideek ere izan dute gogoan. “Ez da batere erraza bera zena hitz bitan ezagutzera ematea. Gauza bat garbi dago: ez zuen etsairik. Beti zegoen edonorekin elkarrizketarako prest, ezaguna ala ez ezezaguna izan. Pentsamolde zabala, beti laguntzeko prest, izakera alaitsu eta baikorra. Eta amaitzeko gizon sentikorra, oso sentikorra zela esango genuke. Beste gizakion gaitzekin sufritzen zuen horietakoa zela. Eta orain guri dagokigu bere galera sufritzea, zaude zeure sinesmenak eskaintzen dizun zeru alai eta zoriontsu horretan!”