Haurtxoko eta gaztelekuen murrizketen aurkako sinadurak bilduko dituzte aste honetan ere
Joan den astean egin zuten moduan, Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileek udalak ezarri dizkien murrizketen aurkako sinadurak bilduko dituzte aste honetan ere. Gaur, hilak 21, Amara Berrin aritu dira goizean zehar, asteartean Martuteneko parkean izango dira eta asteazkenean Egian, Tabakalera inguruan. Bai asteartean eta bai asteazkenean arratsaldean izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Pasa den astean Bidebietan eta Grosen aritu ziren sinadurak biltzen.
Langileak haserre daude, udalak murrizketa handiak egin baititu euren zerbitzuan; aurrekontua %40 murriztu du, lanpostu batzuk kolokan daude eta langileek oraindik ez dakite noiz hasiko diren lanean. Era berean, udalari bilera bat eskatu diote, baina ez dute erantzunik jaso. Hedabide honek zerbitzu horretako bi langilerekin hitz egin zuen hilaren hasieran, eta erreportaje bat osatu zuen. Bestalde, AGISAS elkarteak helegitea aurkeztu zuen joan den astean udalaren plegu berrien aurrean.