'Hiriko oinezkoentzako sarearen plano berriaren' aurkezpenean protesta egingo dute Metroaren aurka
Mugikortasunaren Astea dela eta, hiriko oinezkoentzako sarearen Metrominuto plano berria aurkeztuko du jendaurrean Donostiako Udalak; hain zuzen, aurkezpenak emango dio amaiera aste tematikoari. Ekitaldiaren une berean, Metroaren obren aurka protesta egingo du Satorralaia bizilagunen mugimenduak; Alderdi Ederren izango da, 10:45ean.
Donostia oinez: Metroa zertarako? lelopean egingo dute protesta, eta aldarrikatuko dute desplazamenduak oinez edo bizikletaz “eroso eta arin” egin daitezkeela hirian; halaber, babestuko dute hiriak autobus zerbitzu “ona” duela, eta Metroak ez duela “inongo justifikaziorik”. Bide batez, Satorralaia mugimenduak udalaren “inkoherentzia” salatuko du mobilizazioan: “Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astea-ren harira ‘hiriak oinez ibiltzeko duen bokazioa indartu’ eta ‘Donostia bere tamainagatik oinezkoei egokitutako hiri bat dela ikustarazi’ nahi omen duen bitartean, Metroaren obra erasokor eta zeharo behargabekoa bultzatzen du”, kritikatu dute.
Gainera, honakoa salatu dute: “Ikusten denez, asteartean aurkeztuko duen Metrominutua deituriko planoak hiriko gune jakin batzuen arteko distantzien eta denboren berri ematen du, baina Amarako topoaren geltokitik Kontxako pasealekura dagoen bidea oinez egiteko 8 minutu besterik ez direla behar jartzea saihestu du ordea. Datu hori ez du ematen planoak, Metroaren obra erraldoiaren zentzugabekeria agerian utz lezakeelako nonbait”.