Mikel Zabalzaren eta "torturaren biktima guztien" aitortzarako lore eskaintza egingo dute Zuloaga plazan
Mikel Zabalza Bidasoa ibaian hilik agertu zenetik 35 urte beteko dira hurrengo abenduan. Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas zuzendariek Non dago Mikel? filma estreinatuko dute bihar 68. Zinemaldian, eta proiekzioaren harira, lore eskaintza egingo dute Zuloaga plazan, 18:00etan.
Egiari Zor fundazioak antolatu du ekitaldia, “Mikel Zabalzaren eta torturaren biktima guztien aitortza ofiziala eta egia jakiteko eskubidea aldarrikatzeko”. Halaber, torturaren biktima guztientzat egia, justizia eta erreparazioa aldarrikatuko dituzte.
1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Intxaurrondoko Guardia Zibilak Zabalza, eta handik hogei egunera agertu zen bere gorpua Bidasoa ibaian, haren bila zebiltzanek ia egunero miatua zuten toki berean. Orbaizetakoa zen arren, Altzan bizi zen autobus gidaria, eta bere heriotzak protesta ugari eragin zituen. Bertsio ofizialaren arabera, Guardia Zibilak arma zulo bat erakustera eraman zuen, eta ihes egiterakoan ibaira erori eta han itota hil zen. Hala ere, zantzu ugarik eta segurtasun indarren hainbat kideren testigantzak Zabalza torturapean hil zela adierazten dute.