Milioi bat eurotik gora bideratuko ditu udalak lankidetza eta elkartasun proiektuetarako
Donostiako Udalak 1.141.076 euro bideratuko ditu lankidetzarekin eta elkartasunarekin loturiko proiektuetara. Diru poltsa horretatik 36.500 euro emango dizkiote Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkarteari. “Donostiak saharar herriarekin duen loturak 32 urte bete ditu dagoeneko, La Daira de Bojadorrekin senidetzea sinatu zenetik. Ordutik, gure hiriak ez du hutsik egin herri honekin duen elkartasunarekin, hainbat proiektu eta ekimenetan parte hartuz”, azaldu du Duñike Agirrezabalagak, Berdintasun, Elkartasun eta Eskubide Zibilen zinegotziak.
Bihar, udal gobernuak 328.000 euroko diru laguntza onartuko du gizartea eraldatzeko sentsibilizazioa eta hezkuntza lantzen duten erakundeentzat. Aurkezturiko 21 eskaeretatik 13 onartu dituzte. Horien artean daude, Medicus Mundi, Emaus, Haurralde, Mundu Bat, Mugarik Gabeko Ekonomistak eta Mugen Gainetik. Datorren astean, berriz, beste 776.576 euro onartuko dituzte garapenerako lankidetzaren arloan aurkezturiko egitasmoak laguntzeko. Bigarren atal honetarako, 32 proiektu aurkeztu ziren eta erdiak onartu ditu udalak. Besteak beste, ondorengo erakundeek jasoko dute laguntza: Helduak, Calcuta Ondoan, Alboan, Medicos Mundi, Mundu Bat, Mugarik Gabe, Sodepaz, Mugen Gainetik eta Haurralde.