Hirian turismoak gora egin du zertxobait abuztuan
EUSTATek argitaratutako datuen arabera, Donostian turismoak gora egin du pixka bat abuztuan, uztaileko datuekin alderatuta. Gaualdiak %27,6 jaitsi dira aurreko urtearekin alderatuta –beherakada % 39,7koa izan zen uztailean–, eta sarreren kopurua %17,1 jaitsi da –beherakada %23,6koa izan zen uztailean–. Hotelen okupazio mailari dagokionez, plazen okupazioa %63,6koa izan da –uztailean %53,3 izan zen–. Joan den urtearekin alderatuta, jaitsiera %25,7ekoa izan da.
Donostia Turismoak plazaratu ditu datuak, eta udan egin duten lana azpimarratu dute. Helmuga turistikoa eta turismoaren sektoreko tokiko enpresa txikiak dinamizatu dituzte, betiere segurtasuna eta erantzukizuna aintzat hartuta. Ildo horretatik, bi sustapen kanpaina egin dituzte, bisitari mota desberdinak erakartzeko; Euskal Herrikoa, estatukoa eta nazioartekoa. Horrez gain, lanketa berezia egin dute webgunean, sare sozialetan eta komunikabide jakinekin egindako lankidetzekin. Komunikazio tresna hainbat erabili dituzte horretarako: bideo laburrak, blogeko esperientziak, plan proposamenak, 360º-ko panoramikak, lehiaketak, erreportajeak, hedabideen gomendioak eta abar.