Mikel Zabalza eta "torturaren biktima guztiak" omendu dituzte Zuloaga plazan
Gaur gauean aurkeztuko da Zabalzaren kasua, eta beste hainbat tortura kasu jasotzen dituen dokumentala. Besteak beste, Zabalzarekin atxilotu zituzten Idoia Aierbe —haren bikotekidea zena— eta Ion Arretxeren testigantzak jaso ditu filmak. Biak duela urte batzuk zendu ziren.
Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea. Behin eta berriro errepikatu dira lau hitz horiek gaur arratsaldean Zuloaga plazan egindako ekitaldian. Honen bitartez, Mikel Zabalza eta “torturaren biktima guztiak” omendu dituzte hainbat eragile eta herritarrek. Izan ere, azaroan 35 urte beteko dira Mikel Zabalza atxilotu eta Bidasoa ibaian hilik aurkitu zutenetik, eta gaur gauean, Zinemaldiko Euskal Zinemaren galan Non dago Mikel? dokumentala proiektatuko da, bere historia, baita tortura jasan zuten beste hainbat pertsonena, jasotzen duena.
Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasi da. Mikel Laboaren Gure bazterrak eta Txoriak txori eskaintzeaz gain, une honetarako bereziki idatzitako poema errezitatu dute, Zabalzaren eta torturak jasan dituzten beste hainbaten testigantzetatik jaioa. Ondoren, Idoia Zabalza Mikelen arrebak hartu du hitza, eta nabarmendu du, bere anairen kasuan, ez dela aurrerapausorik eman “egia jakiteari dagokionez”, baina bai gaur proiektatuko den dokumentalarekin. Besteak beste, dokumentalaren garrantziaz —oro har, tortura salatzeko dokumentu gisa—, honen proiekzioak sortzen dionaz, eta eman beharreko pausoez ere hitz egin du:
Arrebaren hitzen ondoren, dantza eta lore eskaintza etorri dira. Bertaratutakoek krabelinak utzi dituzte Orbaizetako gaztearen argazki aurrean, Mikel Zabalza herri ekimeneko kide batek harmonika jotzen zuen bitartean. Eta ondoren, aldarrikapenekin jarraitu dute Ixone Fernandez Egiari Zorreko kideak eta Jose Ramon Zapirain Zapi Mikel Zabalza herri ekimeneko kideak. Izan ere, egitasmoa haiek bultzatu dute.
Fernandezek, tortura praktika “sistemikoa” eta “behar bezala diseinatutakoa” izan dela nabarmendu du, eta “inkomunikazioak, forentseek, klase politikoak, justiziak eta hedabideek” ahalbidetu dutela hori. Era berean, “eskubide urraketa” aztertzeko beharra nabarmendu du.
Zapirani dagokionez, aipatu du “herri xumeak” badakiela gertatutakoa, eta “familiari haren falta erreparatzen saiatzen” ari direla. Zinemaldian estreinatzea berri ona dela ere nabarmendu du, “egiari eta justiziari” aitortza egiten baitzaio. Haren omenez, memoriako gune bat jarriko dute Altzan: