Udalak eta Donostia Shopsek hiriko merkataritza suspertzen laguntzeko hitzarmena sinatu dute
Donostiako Udalaren eta Donostia Shops Hiri Merkataritzako plataformaren arteko hitzarmena sinatzea onartu du Tokiko Gobernu Batzordeak. Hitzarmenaren baitan, udalak 214.470 euro inbertituko ditu tokiko saltokiei lagundu eta merkataritza suspertzeko asmoarekin, besteak beste, merkataritza bultzatzeko kanpainetan, langileen enplegu eta prestakuntzan, eta eraldaketa digitalean. Era berean, antolakuntzari eta komunikazioari dagozkion gaiak ere jorratuko dira.
Merkatatitza hiriko ekonomia jardueraren %24a da —4.000 saltoki daude, eta horietatik 2.756 txikizkariak dira—, eta BPGari dagokionez, %11,8ko ekarpena egiten du. Ia 14.000 pertsonak egiten dute lan sektorean, %66a txikizkako merkataritzan, eta %20a autonomoak. Koronabirusak, berriz, izugarri kaltetu du sektorea. Izan ere, dendak ixteaz gain, Internet bitartez erosteko ohiturak ere gora egin du, eta horrek ere eragina izan du. Bestalde, tokiko saltokietan 540 ERTE izapidetu ziren, 2.165 langileri eragin zietenak. Horregatik guztiagatik, sektorea “arduratuta” dagoela nabarmendu dute udaletik.