2021eko udal aurrekontuetan partida sozialak lehenesteko eskatu du EH Bilduk
Olaia Duarte EH Bilduren zinegotziak agerraldia egin du goizean udaletxean, eta pandemiaren ondorioen aurrean, 2021eko udal aurrekontuetan partida sozialak lehenestearen beharra nabarmendu du; hain justu, hiru proposamen egingo dituzte osteguneko udalbatzarrean horren harira. Koronabirusaren krisia dela eta, gero eta pertsona gehiago zaurgarritasun egoeran daudela adierazi du Duartek, eta erakundeek zein talde politikoek inoiz baino gardenagoak izan behar dutela azpimarratu du: “Talde politikook herritarren beharrak entzun behar ditugu, segurtasuna eman eta gardentasun osoz jokatu. Eta epe luzerako zein motzerako neurriak hartu behar dira, alde batetik, Donostiako eredu ekonomikoa orekatuago bihurtzeko, eta bestetik, premiazko erabakiak hartu behar dira, inor atzean gera ez dadin. Izan ere, gero eta pertsona gehiagok, zoritxarrez, gizarte-laguntzetara jo behar izan dute bizirauteko (pandemia hasi zenetik % 33 gehiago, Udal Gobernuak emandako azken datuen arabera)”.
Ordea, aurtengo aurrekontuetako aldaketen eta 2021eko aurrekontuetako aurreikuspenen inguruan, udal gobernuaren partetik “oso informazio urria” jasotzen ari direla salatu du Duartek: “Dakiguna da udal gobernuak 2020ko aurrekontuan jasota zeuden hamarnaka egitasmo murriztu egin dituela, zalantzan jarri dituela, edo, zuzenean, ez gauzatzea erabaki duela; hala nola Morlansko ikastetxeko egitasmoa, etxebizitzak birgaitzeko eta irisgarritasuna hobetzeko laguntzak, 2020ko laguntzen deialdiko lerro batzuen diru-laguntzak, Matigoxotegi futbol zelaiko belarra berritzea, hainbat auzotako jaien diru-laguntzak, Ekialdeko Barrutiaren 2019ko aurrekontuko soberakina eta 2020ko aurrekontu osoa, euskara ikasteko herritarrentzako 2021eko diru-laguntza saila, Merkearreko futbol zelaia, eta abar. Beste proiektu batzuk, ordea, ez dira gelditu (uharteko itsasargia, eta abar)”. Zinegotziak gaineratu du “herritarrek eta talde politikoek” ez dakitela “nola dauden udal kontuak, ezta ere zergatik gelditzen diren proiektu batzuk eta beste batzuk ez”.
Horregatik, 2021eko aurrekontuei begira, “lehentasunak ezartzeko unea” dela nabarmendu du Duartek, “inprobisaziorik eta arbitrariotasunik gabe”. Zinegotziak azaldu du osteguneko udalbatzarrean –udal zerga eta tasak onartuko dituzte– eta datorren urteko aurrekontuen negoziazioetan bere alderdiaren lehentasunak hezkuntza segurua, arlo sozialean murrizketarik ez egitea, kolektibo ahulen eta langile prekarioen zaintza sistema hobetzea, eta ekonomia sustatzeko eragileekin batera lan egitea izango direla.
Horretaz gain, une honetan dauden “premia larriei” erantzuteko beharra azpimarratu du Duartek, eta horregatik, EH Bilduk honako hiru proposamen hauek aurkeztuko ditu osteguneko udalbatzarrean:
- Etxeko langileak: Sektore ekonomiko garrantzitsu bezala kontuan hartu beharra dago eta duintasuna eman. Donostian 2.500 inguru dira sektore honetan lan egiten duten emakumeak eta gehienek martxotik abuztura ez dute ezer kobratu. Biharko plenoan eskatuko dugu Donostiako Udalak etxeko langileentzako laguntza osagarri bat sortu dezala Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistema Bereziko kideen kolektiboari osasun alarmak eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko. Errenterian, adibidez, horixe egin dute, 200 euro hilabeteroko laguntzarekin, eta, horrela, Estatutik datozen laguntzak osatu.
- Etxez etxeko laguntza zerbitzua: Adinekoak babestu nahi ditugu eta haiekin lan egiten duten emakumezkoak ere. Horregatik, sektore honentzat ere, prebentzio neurriak jasoko dituen agindu bat argitaratzeko eskatu diogu Eusko Jaurlaritzari. Baina agindua argitaratzen ez duen bitartean, behin-behineko protokolo bat zehazteko eskatuko diogu udal gobernuari, baimenetatik eta oporretatik itzultzen diren langileei, sartzen diren langile berriei eta zerbitzura iristen diren erabiltzaile berriei PCR frogak egiteko. Ez da bidezkoa sektore honetan lan egiten duten 400 emakume donostiarrak, askotan egunean bost etxetatik igarotzen direnak oraindik behar diren segurtasun neurririk gabe jarraitzea.
- Adinekoen egoitzak: Azkeneko egunetan Donostiako egoitzetako egoera okertzen ari da baina oraindik ez dago protokolo argi bat bisitak baimentzeko, egoiliarrekin nola jokatu jakiteko, eta abar. Hori dela eta, biharko udalbatzarrean, udal gobernuari eskatuko diogu protokolo bat egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Protokolo horretan zehaztuko dira PCR probak nola eta noiz egingo diren, zer pausu eman behar diren langile edo egoiliarren batek positibo emanez gero, zer irizpide epidemiologikoren arabera murriztuko diren irteerak, nola kudeatu behar diren “irteera terapeutikoak” delakoak, zer egin zuzeneko harremana positibo emanez gero, edota nola kudeatu egoiliarrak beste zerbitzu sanitario batzuetara bidaltzea eta, orobat, bakartze neurriak.