"Bizirik dago Arzak, jakin-minak bizirik mantentzen du. Jubilatu nahi ez duen gizon bat da"
'Arzak since 1897' dokumentala zuzendu eta idatzi du Asier Altuna zinemagileak. Donostiako Zinemaldiaren 'Culinary Zinema' atalean aurkeztu du. Irutxuloko Hitzari azaldu dio nolako esperientzia izan den Arzak familiaren jatetxean sartu, euren egunerokoan murgildu eta euren ibilbidearen historia film batean biltzea.
Nazioartean ospe handiena duen Donostiako jatetxeari buruzko dokumentala egin du Asier Altunak. Familiaren artxiboan arakatuz eta euren egunerokoan murgilduz josi du gidoia. 1897tik, sorreratik izan duen bilakaera aztertzen du pelikulak, eta Juan Mari Arzak eta bere alaba Elenaren gogoetak, kezkak eta pozak ere plazaratzen ditu.
Arzak gertutik ezagutzen duten hainbat sukaldarik parte hartu dute filmean: Karlos Argiñanok, Andoni Luis Adurizek, David Muñozek eta Pedro Subijanak, besteak beste.
Donostiako Zinemaldiaren ‘Culinary Zinema’ atalean aurkeztu dute dokumentala, eta Irutxuloko Hitza zuzendariarekin elkartu da, proiektua egiteko prozesuaz galdetzeko, eta Arzak jatetxean bizi izan duen esperientziaz gehiago jakiteko.
Bideoa: Inaxio Esnaola.
Elkarrizketa: Nerea Lizarralde