Etxebizitzak birgaitzeko laguntzak urriaren 1etik aurrera eskatu ahalko dira
Donostiako Udalak, Etxegintzaren bidez, urriaren 1ean irekiko du berriz ere diru laguntzak eskatzeko epea bizitegi eraikinak eta etxebizitzak irisgarri egiteko eta birgaitzeko. Martxoaren 14an bertan-behera geratu ziren, larrialdi egoera ezarri zenean. Hori dela eta, laguntzak egokitu dituzte pandemiaren eraginez; 2.088.000 euro bideratu dituzte.
Interesa dutenek urriaren 1etik 20ra egin ahalko dituzte eskaerak, udalaren webgunean eta Etxegintzaren bulegoetan aurrez hitzordua eskatuta –943 48 33 94 eta 943 48 34 95 telefonoetan eeta Udalinfoko 010 telefonoan–. Ordutegia 9:00etatik 14:00etara izango da.
“Elementu komunei buruzko obren kasuan, igogailuak, arrapalak eta plataformak instalaziorik ez duten eraikinetan jartzeko diru laguntza eskatu ahal izango da. Era berean, laguntza jasoko dute Eraikinen Ikuskapen Teknikoak eskatzen dituen obrek, baldin eta berehalakoak, oso premiazkoak edo premiazkoak badira”, azaldu du Hirigintza zinegotzi Nekane Arzallusek.
Diruz lagunduko diren obrak hiru motatakoak dira:
- Irisgarritasunaren eta Eraikinen Ikuskapen Teknikoaren arloko elementu komunei buruzkoak.
- Elementu pribatiboei buruzkoak, eraginkortasun energetikoaren eta isolamendu akustikoaren arloan, eta etxebizitza batzuen egokitzapena.
- Etxebizitza hutsak gero alokatzeko egokitzea ahalbidetzen dutenak.
“Kanpoko arotzeriaren ordez gutxienez 30 dezibelioko isolamendu akustikoa lortzen duten etxebizitzek ere laguntza eskatu ahal izango dute. Eta gauza bera mugikortasun urriko pertsonak edo 65 urtetik gorakoak bizi diren etxebizitzak egokitzeko”, adierazi du Arzallusek. Horrekin batera, ondorengoa ziurtatu du: “Diru laguntza jaso ahal izango dute etxebizitza hutsak Alokabide etxebizitza pribatu hutsak alokatzeko udal programaren bidez alokatzeko egokitzea ahalbidetzen duten eskaerek”.