Odon Elorzak hiriko bidegorrien sarea osatzeko "anbizio handiagoko" plan bat aldarrikatu du
Odon Elorza Donostiako alkate ohiak (gaur egun, Gipuzkoako PSE-EEren diputatua da Espainiako Diputatuen Kongresuan) ohar bat zabaldu du, hiriko bidegorrien sarea osatzeko “anbizio handiagoko” plan bat egitera deituz: “Bizikleten Mugikortasun Planeko hogei urteak gaindituta, bizikletek galtzadara salto egin behar dute, anbizio handiagoko plan baten barruan. Europako hainbat hiritan bezala, segurtasuna bermatuz, bizikletek euren lekua izan behar dute galtzadetan, zirkulazioa ahalbidetuko duten kale lasaietan autoekin espazioa partekatzeko”.
Iraganera begira, Elorzak nabarmendu du bere gobernua ez ez zegoela eroa Kontxako bidegorria egin zuenean, “nahiz eta polemika handiko proiektua izan zen”. Gaineratu du ondoren “imajinazioarekin, ulertezintasunarekin eta akatsekin” bultzatutako beste hainbat jarduketa iritsi zirela. Era berean, azaldu du bidegorri sare horrek azken hogei urteotan funtzionatu duela, baina “osatu gabe” dagoela, “gainezka” egiten ari dela eta “arriskuak” dakartzala oinezkoentzat eta txirrindularientzat. Horregatik, Elorzak gaur egungo udal gobernuaren neurriak aitortu ditu, eta bide horretatik jarraitzeko beharra azpimarratu du, “klima aldaketaren aurka borrokatzen jarraitzeko, hirian auto gutxiago izateko eta bizikletaren erabilera ohitura osasuntsu eta bizitzako filosofia gisa sustatzeko”.
Elorzak hirian ikusten dituen gabeziak azaldu ditu: “Gakoa autoekin galtzada gehiago partekatzean dago, 30 eta 20 kilometro orduko mugako eremuak luzatuz. Ondo seinaleztatu behar dira abiadura mugatuko kaleak, txirrindulariekiko errespetua indartzeko helburuarekin”.
Alkate ohiak hainbat neurri proposatu ditu: Bulebarreko bidegorriari Zurriolaraino jarraikortasun zuzena ematea, Bretxatik aterata; Easo kaleko bidegorria luzatzea Miramarkoarekin eta Askatasunaren hiribideko 30 gunearekin lotzeko; Zubieta kalean bidegorri berri bat egitea Kontxa pasealekuko oinezkoentzako zatitik doana kentzeko; Grosen norabide bakarreko sarbide bat egitea Kolon pasealekua, Kale Berria, Secundino Esnaola kalea (galtzadako abiadura 20 kilometro ordura murriztuz) eta Nafarroa hiribidea lotuz; gauza bera egitea Grosetik Erdialderantz ateratzeko, Zabaleta kalea (zirkulazioaren norabidea aldatuz), Katalunia plazaren alderik ez jendetsuena eta Kolon pasealekua lotuz; Kolon pasealekuko bidegorria Usandizaga kalera arte luzatzea; Bergara, Prim, Galtzada Nagusia eta Iparragirre kaleak 20 eta 30 gune gisa seinaleztatzea; Antiguako tuneleko bidegorria Matia kalearekin lotzea; Zumalakarregi hiribideko errei bat 30 gune gisa seinaleztatzea (Bentaberri eta Satrustegi hiribidearen artean); Loiolako bulebar berria Loiolako Erriberarekin lotzea, horrela Amara Berriko, Egiako eta Erdialdeko bidegorriekin lotzeko; Loiolako Erribera Egiarekin Mundaiz pasealekutik lotzea eta Euskadi plazako, Argentinar Errepublikaren kaleko, Santa Katalina zubiko, Askatasunaren hiribidearen eta Miramar kalearen arteko izkinako eta Kursaaleko zubiko arrisku puntuak zuzentzea.