Altzako Bertso Aroko biharko emanaldia bertan behera utzi dute, koronabirus kasu batengatik

Altzako Bertso Aroak hogei urte beteko ditu aurten, eta bihar hasi behar zen XX. edizio hau Ane Labaka bertsolariaren eta Beatriz Egiazabal aktorearen Erradikalak ginen antzezlanarekin. Zoritxarrez, antolatzaileek bertan behera utzi behar izan dute. Anza denez, parte hartzaileetako baten zuzeneko kontaktu batek positibo eman du PCR testean, eta beraz, emanaldia ezingo da gauzatu.
Hasiera gorabeheratsua izanda ere, gainontzeko egitarauarekin aurrera egingo dute antolatzaileek, eta larunbatean ekingo dio Altzako Bertso Aroak bere XX. edizioari, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzako jarduera batekin: Bertso jasa, bat-bateko jolasa. Igandean, berriz, bertso jaialdia egingo dute Aitor Sarriegi, Maider Arregi, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga bertsolariekin. Printzipioz, Plaza Gorrian izango da, baina eguraldiak laguntzen ez badu, Larratxo Kultur Etxean egingo dute. Azkenik, urriaren 3an Gorria ikuskizuna eskainiko dute Miren Amurriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta La Pulga dantzariak. Emanaldiak, bertsoa eta flamenkoa uztartuko ditu.
Irutxuloko Hitzak Altzako Bertso Aroari buruzko erreportajea prestatu du honen XX. edizioa dela eta, eta biharko astekarian eta webgunean irakurri ahalko da.