Multinazionalen Erdialdetik harago, establezimendu txikien auzo bat dago: San Martin
San Martin Auzoa egitasmoa sortu dute bertako establezimenduek, San Martingo auzo bizitza berpiztu eta merkataritza sustatzeko.

Gaur egun ofizialki Erdialdea bada ere, historikoki San Martin auzoa existitu da Donostian: Aldapeta kaletik Londres hoteleraino doan ingurua, alegia. Karmele Egues San Martingoa da betidanik, eta Triunfo kalean Un rincon para ti arropa denda daukanetik, auzoko bizitza berpizteko lanean dabil. Horrela, konfinamenduan San Martingo mota askotako establezimenduetako arduradunekin hitz egiten hasi zen, eta San Martin Auzoa egitasmoa aurkeztu zuten ekainean, 70 establezimendu bere baitan hartuta. Egitasmoaren helburua auzoak bere garaian izan zuen bizitza berpiztea da, horrela auzoko merkataritza sustatzeko. Izan ere, egitasmoko kideek azaldu dutenez, Erdialdean multinazionalak nagusi diren bitartean, San Martingo establezimendu gehienak “txikiak eta pertsonalak” dira.

San Martin auzoaren izaera propioa berreskuratzeko buru-belarri dabiltza lanean auzoko hainbat establezimendutako arduradunak. Besteak beste, argazkikoak: ezker-eskuin, Ibon Etxeberria, Karmele Egues, Helena Hernandez eta Oihana Arnaiz. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Hedabide honek auzoko lau establezimendutako arduradunekin hitz egin du: Eguesekin berarekin, Tocados OH-ko Oihana Arnaizekin, Iñigo Manterola arte galeriako Helena Hernandezekin eta Egfisios klinikako Ibon Etxeberriarekin. Egitasmoak dagoeneko eman dituen fruituen eta etorkizunean emango dituen fruituen inguruan hitz egin dute, eta atzera begira ere jarri dira, auzoak izan zuen izaera eta han izan ziren establezimenduak gogoratuz. Gaia luze zabalean jorratu du hedabide honek, eta ostiraleko astekarian egongo da irakurgai, baita Irutxulo.hitza.eus webgunean ere.