Norbanakoek Euskaraldian izena emateko epea ireki dute

Bi hilabete baino gutxiago gelditzen da 2020ko Euskaraldirako, eta ariketa hasi aurretik eman beharreko urratsak indartsu egiten ari dira. Joan den asteartean amaitu zen entitateek izena emateko epea, eta orain herritarren txanda heldu da: gaur zabaldu dute norbanakoek Euskaraldian izena emateko epea.
Orain bi urteko ariketan bezalaxe, herritarrek euren rola aukeratu beharko dute oraingoan: ahobizi edo belarriprest izan nahi duten erabaki beharko dute. Horrela, Ahobizi izango dira euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz uneoro egiteko prest dauden horiek.”Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jokaerarekin baizik! Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!”, argitu dute antolatzaileek.
Bestalde, belarriprest rola aukeratzen dutenek, aldiz, bere gaitasunen eta aukeren arabera erabakiko dute euskaraz noiz eta norekin egin. Ez dute beti euskara egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenei uneoro euskaraz hitz egiteko eskatuko diete modu esplizituan.
Euskaraldian izena emateko hiru bide zabaldu dituzte:
- Herriz herriko izen emate ekitaldietan.
- Euskaraldiak sakelako telefonoetarako duen aplikazioan.
- Euskaraldiaren webgunean.
Ariguneak: aurtengo berritasuna
Azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da bigarren Euskaraldia, eta hamabost eguneko ariketa berrian urrats bat egin eta berritasun bat txertatu dute antolatzaileek: “Norbanakoek ez ezik entitateek ere parte hartzea lortu nahi da, hizkuntza praktika berriak bultzatzen jarraitzeko neurriak hartuz”, azaldu dute. Hain zuzen, bigarren Euskaraldiaren berrikuntza entitateetan datza, beraien barruan ariguneak identifikatu eta sortzea eskatuko baitzaie.
Donostian, dagoeneko, 100 entitatek eman dute izena, eta izena emateko epea amaitu bitartean, gehiagok ematea espero dute antolatzaileek. Entitateek izena eman ahal izango dute irailaren 27ra arte donostia.euskaraldia.eus webgunean. Ikastetxeek, kultur eta kirol elkarteek, finantza erakundeek, enpresek, erakunde publikoek, eta merkataritza eta ostalaritza establezimenduek, besteak beste, eman dute izena oraingoz.
Edozein informazio behar izanez gero, donostiarrek helbide elektronikoz, twitter bidez eta telefonoz egin dezakete kontsulta, donostia@euskaraldia.eus helbidera idatzita, 688 71 70 74 telefonora deituta, eta @euskaraldia Twitter kontura idatziz.