Txomiñeneko babes ofizialeko etxebizitzetan biziko diren pertsonen %79k seme-alabak dituzte

Txomiñeneko babes ofizialeko alokairuko 162 etxebizitzetako baremazio sistema berriak seme-alabak dituzten eskatzaileen alde egin du, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak azken hirigintza batzordean azaldu zuenez. Hain zuzen, Txomiñeneko etxebizitzetako zerrendetako postu onetan “etxebizitza bat jasotzeko aukera errealak dituztenetan) daudenen %79k seme-alabak dituzte: %42 bi seme-alaba eta %37k seme-alaba bakarra. Era berean, etxebizitza horietan bizitzeko aukerak dituztenen %2k hiru seme-alaba dituzte, %0,34k lau seme-alaba eta %0,12k bost seme-alaba.
Arzallusek Elkarrekin Donostia udal taldeko Haizea Garai zinegotziak galdetuta eman zituen azalpenak, euren kargura seme-alabak dituzten pertsonen eskaera kopuru handiaren aurrean, Garaik galdetu baitzuen ea zergatik udal gobernuak ez dituen baremazio sistemako kupoak moldatu. Kaleratzeak Stop plataformak egindako salaketa batzuen harira egin zuen galdera Elkarrekin Donostiakoak. Hain justu, salaketak honakoak izan dira: genero indarkeria pairatu dutenen kupoko familia baten inguruko bat, ezgaitasun intelektuala dutenen kupoko familia baten inguruko bat, familia ugarien kupoko familia baten inguruko bat eta bere kargu bost seme-alaba dituen guraso bakarreko familia baten inguruko beste bat.
Etxegintzak hainbat kupo sortu zituen baremazio sistema berrirako: kupo orokorrean etxebizitzen %40 dago, etxebizitzen %12 familia ugarientzako da, %10 guraso bakarreko familientzako, beste %10 gazteen emantzipaziorako, %9 pentsiodunentzako eta 65 urtetik gorakoentzako, %5 mugikortasun murriztua duten pertsonentzako, beste %5 genero indarkeria pairatu dutenentzako eta %3 ezgaitasun intelektualen bat dutenentzako. Arzallusek batzordean nabarmendu zuen baremazio sistemak ondo funtzionatu duela, adin txikikoak euren kargura dituzten pertsona askok jasoko dituztelako etxebizitzak. Hain zuzen, etxebizitzen eskatzaile guztien %8k bi seme-alaba zituen, baina etxe berrietan biziko direnen %42a dira. Era berean, seme-alaba bakarreko familiak 7.373 eskaeren %15 ziren, baina etxeak jasoko dituztenen %37a dira.