Arrantza eraldatu zuten itsasontziak
Mamelena itsasontziak Ignacio Mercader merkatariaren ideia izan ziren. XIX. mendeko bigarren erdialdean sortuak, Gipuzkoan eta Euskal Herrian arrantzarako egin ziren lehen lurrun itsasontziak izan ziren. Ordura arte, traineruak erabiltzen ziren inguruan arrantza egiteko.
Amara Osinagako bizilagunentzat aski ezaguna da Mamelena elkartea. Honetan, itsasoari lotutako hainbat argazki ikus daitezke paretetan zintzilikatuta, besteak beste, itsasontzienak. Izan ere, elkarte izan aurretik, Mamelenak itsasontziak izan ziren. Zehazki, Euskal Herrian arrantzarako sortu ziren lehen lurrun itsasontziak.
Mamelenen sorreraren eta garapenaren historia aski ongi jasotzen du Amara Berri ikastetxeko gurasoek 1984an idatzitako Amara Berri y sus calles lanak, baita Auñamendi entzikopediak ere. Haien sortzailea Ignacio Mercader merkataria izan zen. Handizkako merkataritzan aritzen zen. Zehazki, Kubarekin salerosketak egiteko hiru lurrun itsasontzi handi zituen. 1878ko apirilaren 20an, Naufragoak Salbatzeko Elkarte Humanitarioko lehendakaria zela, 200 arrantzale itsasoan hil ziren enbata baten ondorioz. Garai hartan, oraindik ere gertuko arrantzarako itsasontzi tradizionalak erabiltzen zituzten; alegia, traineruak.
Egoera ikusita, Kubara joaten ziren lurrun itsasontzietako bat arrantzaleei laguntzeko erabiltzea otu zitzaion. Sistema ondorengoa zen: lurrun itsasontziak traineruak atoian zeramatzan kaletaraino. Arrantzaleak han aritzen ziren lanean, eta bueltako bidaia modu berean egiten zuten. Ideiak izugarrizko arrakasta izan zuen. Hori dela eta, arrantzarako lehen lurrun itsasontzia eraikitzea erabaki zuen Mercaderrek. 1879an, Ingalaterran egin zuten, eta Mamelena izena jarri zion.
Itsasontziaren izenaren jatorriaz, aipatutako bi iturriek jasotzen dute Elena bere emazte zendu berriaren omenez jarri ziola izen hori, Mama Elena hitzekin jokoa eginez. Hala ere, Lantxabe auzo elkarteak argitaratutako artikulu batean dioenez, Mamelena Munto inguruan zegoen baserri bat zen. Mercader han bizi zen, eta horregatik erabaki zuen itsasontziari izen hori ematea.
Hasieran itsasontzi bakarra izan bazen ere, guztira hamabi Mamelenek osatu zuten flota. Amara Berri y sus calles liburuan jasotzen denez, Mamelena bat portura gerturatzen zenean, bere zenbakiak adina txistu egiten zituen.
Gaur egun ez dago sirenarik, baina Mamelena III ontziak uste baino gertuago jarraitzen du. Izan ere, haren krosko hondoratua Igeldo aurrean dago.