«Egoera oso larria bizitzen ari gara»
Moriako kanpalekuan sute bat izan zenetik, han dauden 13.000 pertsona errefuxiatuen egoerak okerrera egin duela azaldu du Irati Azkuek (Getaria, Gipuzkoa, 1981), Zaporeak proiektuko kideak. Aurrekonturik gabe geratu dira boluntarioak, eta kozinatzen jarraitu eta otorduak eskaintzen jarraitu ahal izateko, janari bilketa bat antolatu dute. Larunbatean Antiguako frontoian egindako kultur emanaldiak ere helburu bera izan zuen.
Zer moduz joan zen larunbateko jaialdia?
Larunbatekoa izan zen magia. Ia astebetean horrelako ekitaldi bat antolatzea, horrelako artistekin, eta horrek dakarren guztiarekin, izugarria izan zen. Gainera, kontuan hartu behar da, gaur egun, COVID-19arekin sortzaileek oso mugatuta dutela euren egitekoa. Magikoa izan zen artista bakoitzak ekarritako sorkuntza pilula bakoitza, emanaldirako berez sortutakoak, zein aurretik bakoitzarenak zirenak.
Aurretik esan genuen, eta orain azpimarratzen dut: hitzaren magia, indarra eta mezua irisarazteko gaitasuna gailendu ziren emanaldian. Halaber, txalotzeko modukoa izan zen ikusleen erantzuna. Emanaldiaren bi helburuak bete genituen: errefuxiatuen aldeko mezua zabaltzea, eta gure lana egiten jarraitu ahal izateko funts ekonomikoak biltzea.
Astebururako janari bilketa «erraldoi» bat egiteko asmoa duzue. Nolakoa izango da bilketa?
Euskal Herrian janari bilketa erraldoi eta masibo bat egitera goaz. Larrialdi egoera bizitzen ari gara, eta horri tamainako erantzuna ematea egokitzen zaigu guri. Tokian bertan gaude, eta ikusten ari gara zer gertatzen ari den: ikusten ari gara premia handia dagoela. Jarri nahi dugu berriro denak emanda pedalei ematen, eta horren aukera izango dugunean, beharrezkoak izango ditugu lehengai asko. Orain arte bilketa txikiak egin izan ditugu Euskal Herriko hamaika txokotan, baina asteburu honetan bilketa trinkotzeko apustua egin dugu, egoera oso larria delako.
Martxotik hona, COVID-19ak kalte handiak eragin dizkigu: gure boluntario sarea da gure aktiborik indartsuena eta aberatsena, eta ez atzera ez aurrera ibili da. Orain arte ezin izan dugu ezer antolatu dirua biltzeko, izan ere, edozein ekintzak jende pilaketak eskatzen zituen. Baina ikusten dugu babes eta segurtasun neurri guztiak bermatuta egin dezakegula janari bilketa.
Nolakoa da Lesbosko errefuxiatuen egoera?
Irailaren 8tik 9rako gauean suteak sortu ziren Moriako kanpalekuan, eta biharamunean kanpalekuaren %70 erreta zegoen. Han bizi ziren 13.000 lagunek zeuzkaten gauza gutxiak ahal bezala gainean hartu eta esparrutik ihes egin zuten, errepide bazterretara. Saiatu ziren gertuen zeuden hirietara iristen, batez ere Mitilene hiriburura, baina poliziak alto eman zien. Lagun horiek guztiak banatu ziren errepidearen alboetan; beste batzuk inguruko basoetan ezkutatu ziren.
Lehen hiru egunetan Greziako gobernuak ez zien asistentziarik eman, beraz, 13.000 lagun horiek gelditu ziren ezer gabe, sutearen gauak eragindako estres eta kalteekin. Lehen egunetan higienerako aukerarik gabe, jatekorik gabe eta urik gabe egon ziren. Orduan, gu eta gainerako gobernuz kanpoko erakundeak pedalei jo eta su ematen aritu ginen, gobernuak ez zuelako asistentzia humanitariorik eman beranduagora arte. Une horretan uste genuenaren bikoitza kozinatu genuen: 2.100 otordu egiten ari ginen, eta sutearen biharamunean, 4.500 inguru egin genituen.
Banaketa modu ordenatuan egiteko ahalmena garatu genuen, eta identifikatuta genituen behar gehien zuten pertsona zaurgarrienak; bermatu egiten genuen horiek janaria izango zutela. Guk ezin genuen kanpaleku zaharrera sartu, baina barruan lanean ari zen Kitrinos Healthcare klinikaren bitartez egiten genuen otorduen banaketa. Sutearen ondoren pertsona horiei guztiei arrastoa galdu genien. Gainera, sutea izan eta egun batzuetara, lantaldeko kide batek koronabirus diagnostiko positiboa zuen pertsona batekin kontaktu zuzena izan zuela jakin genuen, eta gure jarduna etetea erabaki genuen, denek berrogeialdia pasatu arte.
Bitartean, etxetik lanean jarraitu genuen, gure baliabideak beste erakunde batzuen esku jarri eta haiek gure lanarekin jarraitzeko: besteak beste, ibilgailuak utzi genizkien higiene materialak eta biltegian genituen elikagaiak banatzeko, eta pertsona errefuxiatuek gehien behar zituzten gauzak erosi eta banatzeko, ura gehienbat. Berrogeialdia pasatu eta bi PCR proba negatibo izan eta gero, sukaldera itzuli ziren gure kideak.
Greziako gobernuak beste kanpaleku bat eraiki du. Nolakoa da?
Presioa egiten ari ziren pertsona errefuxiatuak, baita pertsona eta eragile asko ere hemendik. Horrela, bost egun eskasetan eraiki zuten guk Moria 2 deitzen dugun kanpalekua. Kara Tape kanpalekua eta Mitelene hiriaren artean dago, kostaldean. Sutearen ostean, uste dugu Europako Batasunak aukera izan duela gauzak beste modu batera egiteko: bost urtetan pertsona errefuxiatu horien egoera modu oso txarrean kudeatu dute, eta ez dute zegokien erantzukizuna bere gain hartu. Sutearen ondoren, beste kudeaketa bat egiteko aukera aparta zuten, baina ez da horrelakorik gertatu. 5.000 pertsonarentzat lekua duen beste kanpaleku bat eraiki dute, eta haien asmoa da kalean gelditu ziren 13.000 pertsonak hor sartzea.
Pertsona batzuk hasieratik sartu ziren kanpaleku berrira, gehienbat pertsona zaurgarriak, eta bere kargu pertsona horiek zituztenak. Beste batzuk, aldiz, zalantzati daude kanpaleku berrira sartzeko erabakiarekin, eta bada basoan eta inguruetan ezkutuan jarraitzen duenik. Hain zuzen, gobernuak esan die asilo eskaera prozedura aurrera eramaten jarraitu nahi badute, ezinbestekoa dela kanpalekura sartzea.
Nola ari da lanean Zaporeak?
Kozinatzen jarraitzen dugu, baina inondik inora ez gara ari 4.500 otordu horiek egiten, antolakuntza falta delako. Moria zaharrean genituen erregistro guztiak erre egin dira, eta esparru berrian antolatu egin behar dira beraiek. Era berean, haiek antolatzen diren bitartean, GKEak ere horretan ari gara. Kolaborazio sareak indartu nahi ditugu, esparrura sartzeko baimena duten proiektuekin eskutik helduta joan, eta gu ere eragile garrantzitsu bat izateko.