Hogei urteko aro bat osatu dute Altzan
Gaur hasiko dute XX. Altzako Bertso Aroa, eta azken jarduera egingo dute urriaren 3an. Altzania Kultur Elkarteak, Bizarrain Euskara Elkarteak eta Altzako bertsozaleek antolatzen dute bertso egitasmoa, duela hogei urtetik. Aurten ere ez dute hutsik egin.
Hogeigarren urtez bertsoak leku pribilegiatua izango du Altzan. Hain zuzen, gaur hasiko da XX. Altzako Bertso Aroa, eta Altzania Kultur Elkarteak, Bizarrain Euskara Elkarteak eta Altzako bertsozaleek egitarau aberatsa antolatu dute aurten ere.
Erradikalak ginen antzezlanarekin hasi behar zuten dute jaialdia gaur Ane Labaka bertsolariak eta Beatriz Egizabal aktoreak, baina koronabirus kasu positibo bat dela eta, bertan behera utzi dute ikuskizuna. Biharko, 6-12 urte arteko haurrentzako jarduera bat prestatu dute: Bertso jasa, bat-bateko jolasa. Igandean bertso jaialdia egingo dute Plaza Gorrian Aitor Sarriegi, Maider Arregi, Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga bertsolariekin; eguraldiak laguntzen ez badu, Larratxoko kultur etxean izango da. Eta azkenik, urriaren 3an, nahasketa indartsua eramango dute oholtza gainera Miren Amuriza bertsolariak eta Askoa Etxebarrieta La Pulga dantzariak: bertsoa eta flamenkoa uztartuko dituzte Gorria ikuskizunean.
Joseba Alkiza da antolakuntzan dabilen bertsozaleetako bat, eta azaldu du urtero saiatzen direla bertsolaritzaren formatu estandarretik kanpo dauden proiektuak ekartzen: «Bertso soiletik harago, beste diziplina batzuekin nahasten dituzten proiektuak ekarri ohi ditugu, esaterako, bertsoa eta antzerkia, eta bertsoa eta musika uzatartzen dituztenak».
Hogei urtez, bertsoa erdigunean
«Inongo gogoeta sakonik egin gabe antolatu genuen lehen aldiz Bertso Aroa, 2001ean», kontatu du Iñaki Lertxundik, Altzania Kultur Elkarteko kideak. Bertsolaritzarekin lotutako hainbat ekitaldik erreferentzialtasuna zuten Altzan, esaterako Santa Isabel eguneko saioak eta Herrerako bertso bazkariak, baina testuinguru horretatik aldendu, eta bertsoa «erdira» eraman eta beste dimentsio bat emateko grinak bultzatuta hasi ziren egitasmoa antolatzen.
Era berean, Altzan euskararen, euskal kulturaren eta bertsolaritza sustatzen ari ziren eragileak batzeko modu bat ere izan zen. «Denek batera antolatzea egitasmoa aurrera ateratzeko bermea da», esan du Lertxundik.
Hogei urteko ibilbidean zehar, tarteka zailtasunak izan dituztela azaldu du Luis Mari Rallak, Bizarrain Euskara Elkarteko kideak, baina uste du lortu dutela hainbat herritarrengan artean bertsozaletasuna nolabait errotzen: «Hogei urte hauetan gorabeherak izan ditugu, eta zaleen erantzuna ere askotarikoa izan da: batzuetan interes izugarria izan dute, eta beste batzuetan kosta egin zaigu plaza betetzea. Hala ere, Altza nolakoa den jakinda, oro har, erantzuna pozik egoteko modukoa izaten da».
Hogeigarren urteurrenaren harira zerbait berezia prestatu duten galdetuta, ezezkoa bota dute hirurek: «Egia esateko, ni ustekabean harrapatu nau urteurrenak!», aitortu du barrez Rallak. Era berean, azaldu du Bertso Paper Lehiaketaren hamargarren urteurrenarekin gauza bera gertatu zitzaiola, eta kontatu du egitasmo horrek ere nabarmen hazi dela sortu zutenetik hona: «Sorkuntza pilo bat aurkezten dituzte, eta kalitate handikoak gainera. Altzatik kanpoko jende askok parte hartzen du; pentsa, aurten Boiseko batek bidali du bere lana!». Lertxundik bertso paperen txapelketaren garrantzia nabarmendu du: «Nire ustez Bertso Aroa jantzi egiten du, edukiari dagokionez aberastu egiten du».
Normalean, antolatzen duten bertso bazkarian saritzen dituzte irabazleak; gainera, sortu dituzten lanak inprimatu eta bazkariko parte hartzaileei banatzen dizkiete, denen artean bertsoak kantatzeko. Aurten, baina, pandemiaren aurrean hartutako neurriak direla eta, ezingo dute ohitura errepikatu. Horren ordez, igandeko jaialdian egingo dute Bertso Paper Lehiaketako sarituen kantaldia.
Hainbat erronka aurrera jarraitzeko
«Azkar» pasatu zaizkie antolatzaileei azken hogei urteak, eta askotan egitasmoa uztea pentsatu duen arren, urtero errepikatzen duela onartu du Alkizak. Hirurak gustura badabiltza ere, «erreleboa» lortzeko interesa adierazi dute, eta aitortu dute kosta egiten zaiela Altzako gazteen aldetik konpromisoa lortzea: «Gazte asko ari dira bertsolaritza jarraitzen, baina ez dugu lortzen Bertso Aroaren antolakuntzaren lekukoa hartuko duen inor», esan du Rallak. «1998tik 2001era Gazteluene bertso eskola izan zen Altzan, eta askotan hitz egin dugu proiektua berpizteari buruz, baina hitz soiletan gelditzen da kontua», azaldu du Lertxundik.
Aurrera begirako erronkei dagokionez, generoaren inguruko lanketan jarri dute fokua: «Azken urteetan generoaren gaia pisua hartzen ari da, eta horrek antolatzaileok zuzenean interpelatzen gaitu», adierazi du Lertxundik. Bertso eskoletatik, eskolarteko txapelketatik eta gazteentzako sariketetatik datozen bertsolari emakume gazteen garapenean etena ez izateko lan egitea dagokiela uste du Altzaniakoak. Horretarako, belaunaldi berriei plazak ematea ezinbestekotzat jo du. Halaber, gaiaren inguruan argitaratzen ari diren lan eta liburuetan arakatzea garrantzitsua dela uste du; esaterako Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik, eta Miren Artetxe eta Ane Labakaren Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburuetan lanketa horiek egiteko hainbat gako aurkitu daitezkeela gehitu du.
Bertso, doinu eta hausnarketa artean, Altzako Bertso Aroak bi hamarkada bete ditu. Beste bi baietz!