Metroaren lanak gelditu dituzte Easoko geltokiaren eta Mirakontxaren arteko zatian
ETSk jakinarazi duenez, espero ez zuten arazo batekin topo egin dute tunela zulatzen ari diren eremuan aldaketak daudelako. Hondarra agertu da zulaketa egiterakoan, eta espero ez zituzten ur emariak.
Bertan behera geratu dira Easko plazatik Mirakontxara bitarteko metroaren lanak. Zehazki, tunela zulatzeko lanak “mugarik gabe” etetea erabaki du Euskal Trenbide Sareak, obraren arduradunak. Noticias de Gipuzkoa egunkariak eman du albistea. IRUTXULOKO HITZA Donostiako Udalarekin eta ETSrekin jarri da harremanetan, baina ez du gertatu denaren inguruko informaziorik jaso.
ETSk jakinarazi duenez, espero ez zuten arazo batekin topo egin dute tunela zulatzen ari diren eremuan aldaketak daudelako. Hondarra agertu da zulaketa egiterakoan, eta espero ez zituzten ur emariak. Ondorioz, zulatzeko egungo sistema baztertu dute, eta aztertzen ari dira bigarren zatiko lanen lizentzia bertan behera uztea. Hainbat hilabetez eremuko lanak geldirik egon direla adierazi dute.
Gertaturikoak atzerapen nabaria ekarriko du, eta epeak zein kostuak nabarmen handituko dira. Izan ere, ETSk dio zulatzeko sistema garestiago bat erabili beharko dela, eremuaren segurtasuna bermatzeko. Ekainean Donostiako Metroa egiteko lanek Zubieta kaleko 8. zenbakiko sotoan lur jausi bat eragin zuten, eta Kontxako tunelaren zulaketa lanak gelditu behar izan zituzten. Gertakariak kezka sortu zuen inguruko bizilagun eta saltokien artean. ETSk eta udalak, ordea, lasaitasun mezua helarazi zuten.