Pasealeku Berriak ibilgailuentzat itxita jarraituko du igandera arte
Iritsi da udazkena, eta horrek euriagatik, haizeagatik eta olatuengatik sortutako alerta horiak itzuli dira. Eguraldi iragarpena dela eta, alerta horiak luzatu egin ditu Babes Zibilak. Euriari lotutako abisu horia igande goizera arte mantenduko dute, zehazki, 6:00ak arte, euri iraunkor eta handiak direla eta. Haizeari dagokion abisu horia, berriz, gaur 21:00ak arte luzatuko da, eta bihar arratsaldean berriro ezarriko dute, 18:00etatik gauerdira arte.
Bestalde, Pasealeku Berria 15:00etan zabaldu dute oinezkoentzat —11:00etatik itxita izan da olatuak direla eta—, baina ibilgailuak ezingo dira handik igaro igande goizera arte. Haizearen orraziko azkeneko zatia ere itxi dute, baita Leitzaola pasealekua, alegia, Zurriolako kai muturra, biak ala biak olatuak direla eta.
Gainera, Izutuetako pasabidean suhiltzaileek errepidean sortutako putzuak kentzeko estoldak zabaldu behar izan dituzte. Hala ere, udalak jakinarazi duenez, momentuz ez da eguraldiak sortutako beste gorabehera handirik izan.