Realak ligako lehen garaipena bilatuko du Santanderren
Etxetik kanpo jokatuko dute Realeko neskek ligako bigarren jardunaldia, baita garaipena bilatu ere, RS Tenisen izango dute aurkari. Lehen jardunaldian, CH Sardineroren aurka galtzen hasi zen Jorge Perezen taldea, baina bigarren laurdenean berdintzea lortu zuten. Partida irabazteko saiakerak egin bazituzten ere, azkenea bana amaitu zen partida.
Saskibaloiari dagokionez, Ibaeta Basket Gascara itzuliko da. Liga ondo hasi du, eta bide beretik jarraitu nahi dute. Ez da lan erraza izango, Uni Gironaren kontra jokatuko baitute. “Gironak oso talde indartsu eta gogorra du. Gainera, liga honetarako are gehiago indartu dute taldea, baina uste dut guk oso talde ona dugula eta, lan eginez gero, aurre egin diezaiekegula”, adierazi zuen Maria Erauncetamurgil jokalariak. “Ea etxeko lehen garaipen hori lortzen dugun”, gehitu zuen.
Gipuzkoa Basketi ere asteburuko partida etxean jokatzea zegokion. Aldiz, ez dute Illunben jokatuko, hura egokitzeko lanetan ari baitira. Ondorioz, beste zelai bat topatu behar izan du Marcelo Nicolaren taldeak, eta hain zuzen ere San Pablo Burgos aurkariaren zelaian —Colisseum Burgosen— jokatuko dute igandeko partida. Hala ere, etxekoa bezala jokatuko dute. Jokoari dagokionez, Nicolak nabarmendu du Real Madrilen kontrako partidan Gipuzkoa Basketek izandako jarrera ona. Hala ere, joko aldetik oraindik asko hobetu behar duela ere uste du.
Futbolean, Elxera bidaiatuko du Realeko mutilek, eta sasoiko lehen garaipena bilatuko du. William Josek eta Martin Zubimendik ligan estreinatzeko aukera izango dute asteburuan, partidarako deitu baititu Imanol Alguacilek. Izan ere, bi jokalariek liga hasiera galdu dute. Erdilariak, lesio batengatik; aurrelariak, berriz, PCR proban positibo eman zuelako.
Realeko neskek, Euskal Herria Kopako finala jokatuko dute igandean, Atleticen kontra, Zornotzako Urritxe zelaian. Final aurrean Osasuna bi eta huts irabazi zion Natalia Arroyoren taldeak Amaiur jokalari gazteren bi golekin.
BELAR HOCKEYA
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- RS Tenis – Reala (Larunbata, 15:30)
SASKIBALOIA
Emakumezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Uni Girona (Larunbata, 18:00)
Gizonezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Gipuzkoa Basket – San Pablo Burgos (Igandea, 17:00)
FUTBOLA
Gizonezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Elx – Reala (Larunbata, 18:30)
Emakumezkoen Euska Herria Kopako finala
- Athletic – Reala (Igandea, 16:00)