San Martin auzoa berpizten ari dira
Gaur egun Erdialdea gisa ezagutzen den auzoaren barruan, San Martin auzoa existitu izan da historikoki, eta bizitza handiko auzo bat izan zen. Azken hamarkadotan, aldiz, bizitza horrek behera egin du, eta jende gutxik desberdintzen ditu San Martin auzoa eta Erdialdea. Aurten, ordea, auzo izaera hori berreskuratzeko egitasmo bat abiatu dute San Martingo hainbat establezimenduk, eta pixkanaka fruituak jasotzen ari dira; auzoa egiten ari dira.
Donostiak hogei auzo ditu ofizialki, baina Erdialdearen barruan bada garai batean auzo izaera propioa izan zuen eta orain berpiztu nahian dabiltzan beste auzo bat: San Martin. Hain justu, San Martin Auzoa egitasmoak 70 bat establezimendu batu ditu, auzo bizitza sustatuz merkataritzari bultzada emateko helburuarekin.
Karmele Egues Un rincon para ti arropa dendako arduraduna da egitasmoaren sortzailea, eta San Martin auzoa zer den azaldu du: «Aldapeta kalean hasten da, auzoko parrokian [gaur egungo Convent Garden], eta Londres hoteleraino doa, Easo kaleko alde bikoitia hartuta. Berez, Easo kaleko alde bakoitia Artzain Onarena da, baina kalea ez banantzeagatik eta elizari arrazoia ez emateagatik, guk auzoan sartzen dugu alde hori ere». Bitxikeria gisa, izena auzotik hartu bazuen ere, San Martin merkatua ez da auzoaren parte.
Egues, dendaria izateaz gain, auzoko bizilaguna da betidanik, eta nabarmendu du ez duela inoiz bere burua Erdialdekotzat izan: «Txikitan, eskolan esaten zidaten ni ez nintzela Erdialdekoa, San Martingoa baizik, eta hala sentitu izan naiz beti. Ordea, egitasmoa abian jarri genuenean, batzuek esan zidaten San Martin auzoa ez zela existitzen. Udalean egiaztatu nuen, eta hala da, udalarentzat Erdialdea gara, baina hori oso handia da. Niretzat, San Martin existitzen da». Hain zuzen, auzoak jaiak ere izan zituela kontatu du Eguesek: «Jaiegun propioa dugu: azaroaren 11, San Martin. Bere garaian jaiak egin ziren, eta betidanik egun horretan auzoko tabernek odolki pintxoak atera izan dituzte».
Duela bi urte, Triunfo kalean bere saltokia ireki zuenean sare sozialetan mugitzen hasi zen Egues, eta San Martin Auzoa egitasmoko hastapenak egin zituen: «Auzoarekin oso lotura estua dudanez, Instagram kontu ireki bat sortzea erabaki nuen, nahi zuten auzoko establezimendu guztiek edukia igotzeko. Era berean, Instagrametik kanpo egitasmo txikiren bat egin genuen, esaterako, Triunfo kaleko saltokiek dekorazio bateratu bat jarri genuen denbora batez». Konfinamenduarekin batera, harago joatea erabaki zuen Eguesek: «Hiriko saltoki txikiak sustatzen zituen bideo bat ikusi nuen, eta Triunfo kalean antzeko zerbait egiteko gogoa piztu zitzaidan. Ordea, Oihanarekin [Arnaiz, San Martin kaleko Tocados OH dendako arduraduna] harremana nuen, eta esan zidan berak ere parte hartu nahi zuela. Konturatzerako, Internet bidezko bilerak egiten ari ginen, auzo guztiko merkataritza sustatzeko helburuarekin».
Horrela, konfinamenduan zehar San Martin Auzoa egitasmoari forma ematen hasi ziren, eta proiektua koordinatzen duen lantaldea sortu zuten: Eguesek, Arnaizek, Egfisios klinikako Ibon Etxeberriak, Iñigo Manterola arte galeriako Helena Hernandezek eta Barayazarra Casteres arkitektura eta diseinu estudioko jabeek osatzen dute. Pixkanaka, 70 establezimendu batu ziren proiektura, eta ekainean egitasmoa aurkeztu zuten Convent Gardenen, bideo bat proiektatuz. Bideoak oso harrera ona izan zuen, eta auzoko beste hainbat establezimendutako arduradunek ere parte hartu nahi zutela esan zieten. Erdialdeko batzuek ere egitasmoarekin bat egin nahi izan dute, baina Eguesek azaldu duenez, San Martin auzoaren ikusgarritasuna sustatu nahi badute,«koherenteak» izan behar dute.
Arnaiz hasieratik egon da egitasmoan sartuta, eta auzoaren ikusgarritasunaren alde egiteko arrazoiak azpimarratu ditu: «Auzo hau hiriko aisialdi gune nagusienetakoa izan zen, baina hori hil zenetik, nahiko abandonatuta egon da. Groseko jendea, esaterako, ez dator hona ezer erostera, hemengo jendea Grosera joan daitekeen bitartean. Jendea gauza zehatz baten bila etor daiteke, baina ez dator paseatzera». Hernandez pixka bat beranduago batu zen San Martin Auzoa taldera, baina oso sartuta dago orain: «Horrelako egitasmoak asko gustatu izan zaizkit beti, eta oso inplikatuta nago. Esaterako, logo bat egin behar genuen, eta Iñigori [Manterola, artista eta Hernandezen senarra] eskatu nion egiteko». Etxeberria, aldiz, hasieratik da lantaldeko kide, eta elkarlana sustatzearen garrantzia nabarmendu du: «Oso komunitate zalea izan naiz beti, elkarlana funtsezkoa iruditzen zaidalako; horregatik sartu nintzen egitasmo honetan. Nire kasuan, aitak 1974an ireki zuen kontsulta, baina hiru pertsona baino ez nituen ezagutzen auzoan; Grosen bizi naiz, eta zuzenean lanera etortzen nintzen, auzoan murgildu gabe. Orain, gero eta gehiago ari naiz auzoan sartzen; esaterako, lehen, bizikletak Amarara eramaten nituen konpontzera, baina orain jakin dut nire klinikaren ondoan tailer bat dagoela».
Lantaldekoek azaldu dute orain proiektuaren «bigarren fasean» daudela, egitasmoa sendotzeko helburuarekin. «Udalarekin eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin bildu gara, eta oso harrera ona izan du gure egitasmoak, parte hartzen duten establezimenduen aniztasunarengatik, batez ere», kontatu du Eguesek. «Izan ere, askotariko establezimenduak ditugu auzoan, eta ez dugu inor alde batera utzi: hotelak, ostalaritza establezimenduak, arte galeriak, osasun klinikak, moda saltokiak, tapizatzaile bat, eta abar», gaineratu du Arnaizek.
Gainera, egitasmoaren lehenengo urratsen fruitu batzuk jasotzen ari dira dagoeneko, Eguesen arabera: «Orain oso giro polita daukagu auzoan; kaletik elkar agurtzen hasi gara eta konfiantza daukagu gure artean. Lehen ez zen hori gertatzen». Era berean, bizilagunak ere pozik daudela nabarmendu du Arnaizek: «Gaiaren inguruan galdetzen digute, eta polita da, ikusten ari direlako euren auzoa berpizten ari dela. Adineko jende asko dago, eta nabaritzen da ilusioa egiten diela». Bestalde, Eguesek azaldu du dagoeneko ekimen bateratu batzuk egiten ari direla auzoko establezimenduak: «Gure lokaletako argiak piztuta dauden denbora luzatu dugu denok, horrela, itxi ondoren ere kaleek argia eta bizitza izan dezaten. Bestalde, Zinemaldiaren harira, auzoko saltoki bati alfonbra gorriak egiteko eskatu diogu, eta gure establezimenduak horiekin apaindu ditugu».
Atzera begirakoa
San Martin auzoa ez da zona horretako dendarien asmakizun bat, historikoki existitu den zerbait da. Hain justu, 1863an gaur egungo Parte Zaharreko harresiak bota zituzten arte, harresietatik kanpoko auzo xumea izan zen, eta hiriko ateak itxi ondoren Donostiara heltzen zirenek han egiten zuten lo. Eraikinak oso merkeak ziren, eta auzoa hainbat gerratan suntsitua eta berreraikia izan zen: 1517an, 1521ean, 1636an, 1794an, 1813an eta Lehen Karlistaldian. 1863an, ordea, harresi zaharrak bota eta Antonio Kortazar arkitektoaren zabalgunea eraikitzen hasi zirenean, San Martin auzoa pixkanaka modernizatu eta zabalgunean sartu zuten.
Hala ere, auzo izaera mantendu zuen XX. mendean zehar ere, eta zegoen mugimendua gogoratu du Eguesek: «Hiriaren sarrera zenez, zerbitzuak ziren nagusi: tailer asko zeuden, Celiaren jangaien saltokia, Citores zapatariaren denda txiki-txikia San Bartolome kalean, arrautza denda, Antonio Gomezen aterki fabrika eta alondegi zahar bat ere bazegoen. Bestalde, nik Roncalesa autobus zerbitzua Manterola kaletik ateratzen ikusi dut, eta auzoko oso gauza ohiko bat ere ezagutu dut: egunero, San Martin komentuko mojak zuriz jantzita ateratzen ziren kalera, gaixoak artatzera joateko».
Horretaz gain, auzoan betidanik izan den ostalaritza nabarmendu du Eguesek: «Negresco tabernan inoiz jan ditudan muskuilurik onenak zituzten, La Oca eta Pello jatetxeak oso ezagunak ziren eta bodega asko zeuden; La Taberna de Blas, esaterako, ardandegi bat zen bere garaian. Orain ere kalitatezko ostalaritza daukagu, hala nola, La Taberna de Blasek sekulako terraza dauka, Sebastopol gauzak oso ondo egiten ari da eta Txokoloren mailako sagardotegi bat daukagu auzoan». Etxeberriari txikitako oroitzapenak ekarri dizkio Eguesen errepasoak: «Taberna horiek mitikoak ziren. Amarekin Grosetik taxian aitaren bila etortzen ginenean, esaterako, beti Negrescoren parean jaisten ginen, eta La Taberna de Blasen muztio gorria ateratzen zigutenez, helduarena egiten genuen, ardoa edaten ariko bagina bezala».
Era berean, Etxeberriak nabarmendu du gaur egun badaudela auzoan XX. mendetik daramaten establezimenduak: «Besteak beste, gure klinika 1974tik dago, tapizatzaileak bizitza guztia darama, harategitik familia bereko hiru belaunaldi pasa dira, Ordizia liburu dendatik bi belaunaldi eta Hollywood pubak ere urte asko daramatza». Ordea, La Zona izeneko jai gunearekin auzoa eraldatzen hasi zela azpimarratu du Eguesek: «San Bartolome kalean, esaterako, askotariko establezimenduak zeuden lehen, baina azkenean tabernak baino ez ziren gelditu, eta jendez gainezka egoten zen gauetan. Hori bukatu zen, eta San Bartolome kalea hutsik dago gaur egun, oso tristea da».
Auzo bizitza, bizirauteko
Eguesen arabera, «jendeak tratu pertsonala faltan botatzen du», eta Erdialdearekin alderatuta, hori da San Martinen bereizgarria, establezimendu gehienak «txikiak eta pertsonalak» direlako: «Hotelak dira halakoak ez diren bakarrak, baina eurek ere oso harrera ona egin diote gure egitasmoari». «Erdialdean multinazionalak daude, Lisboan, Parisen edo Donostian berdinak daude», gaineratu du Etxeberriak. Horregatik, auzoak «izaera propioa» duela nabarmendu du Arnaizek: «Denak oso saltseroak gara, eta gure establezimenduez harago, auzoarekin oso inplikatuta gaude. Nire ondoko kafetegia itxi zutenean, esaterako, negarrez eman nuen egun osoa, banekielako jabeak zenbat borrokatu zuen». Ildo beretik jo du Etxeberriak: «Elkar babesten dugu orain, izan ere, niri, pertsonalki, ez zaizkit interesatzen erakusleihoak apaintzeko egitasmoak, adibidez, baina interesatzen zait besteen saltokietan jendea sartzea, horrela auzoan jendea ibiliko delako. Beraz, egitasmo guztiekin bat egiten dut».
Era berean, auzoko bizilagunen profila aldatzen ari dela azaldu du Hernandezek: «Horrelako auzoetan belaunaldi aldaketak izan behar dira, eta hori gertatzen ari da hemen, gure onurarako». Eguesek belaunaldi aldaketa hori egiaztatu du: «Lehen, nire eraikinean adineko jendea zen nagusi, baina orain haurrak ere badaude».
Faktore horiek baliatuta, gero eta bizitza gehiago ari da sortzen auzoan, baina benetako fruituak Metroaren lanak bukatzen dituztenean jasoko dituztela azpimarratu du Arnaizek: «Kalteak eragin badizkigute ere, egia da bukatzen dituztenean onuragarria izango dela guretzat, zirkulazioaren norabidea aldatuko dutelako, bidegorria San Martin kaletik joango delako, eta abar. Lanak bukatu arte, ordea, bizirautea baino ez zaigu gelditzen, eta horretarako, auzo bizitza sortzea ezinbestekoa da». Gainera, baikor agertu da Tocados OH-koa: «Lokal huts asko daude auzoan, baina ziur nago egitasmo honekin irekitzea lortuko dugula». Hain justu, euren azken helburua auzo bizi bat sortzea dela nabarmenduz bukatu du Eguesek: «Loiola kaletik harago, herritarrek hiriko kaleetan momentu onak bizitzea nahi dugu».