Txomin etxeko arkuek ekaitz-tangen etxola izango dute ondoan
Auzoari izena ematen dion etxea bota zuen udalak, etxebizitza berriak eraikitzeko, eta bizilagunekin adostu zuen biribilgune horretan jartzea. Biribilgunearen erdian, ordea, ekaitz-tangara sartzeko etxola jarri dute. Hori apur bat disimulatzeko helburua du udalak.
Txomin Txiki etxeko atariko zutabe eta arkuek etxe berria dute. Txomiñeneko sarrerako biribilgunean jarri ditu udalak, lehen etxea zegoen tokian bertan, bizilagunekin adostu zuten lekuan.
Izan ere, Txomin Enea eremuari dagokion Plan Bereziaren etxebizitza berriak egiteko etxe hura bota zuten 2019 urte hasieran gutxi gora behera. «2018ko abenduan Txomin Txiki etxeko atariko arkuak eta armarria berreskuratzeko eskaera egin genion udalari», azaldu du auzo elkarteak. Bizilagunentzat esanahi berezia zuen: izena ematen zion auzoari, eta auzoaren sarreran bertan zegoen.«Etxea gogoan izan nahi dugu nolabait, nahiz eta arkitektonikoki balio handirik ez zuela esan ziguten», gehitu du elkarteak.
Ikuspuntu horrekin ez dator bat Ancora Ondarearen Babeserako Elkartea. «Hasiera batean, baserri bat izan zen, eta 1924. urtean Miguel Antonio Setien arkitektoak eraberritu eta edertu zuen», kontatu du elkarteak. Beste hainbat eraikinekin plaza bat osatzen zuen, non dantzak egiten ziren.
Eraikina 2009 urtera arte babestua egon zen. «Urte hartan, adituek esan zuten ‘interesik gabeko eraikin neoeuskalduna’ zela, eta katalogotik kendu zuten. Horregatik izan zuten botatzeko aukera. Baina guk uste dugu balioa eraikuntza osoak zuela, ez soilik arkuak eta armarriak», nabarmendu dute ondarearen babeserako elkarteak. Elementu hauek mantentzeko arrazoiari dagokionez, Ancorak esan du: «Normalean, elementu horiek mantentzen dituzte harrizkoak direlako».
Espero ez zuten bizilaguna
Etxearen oroitzapenak biribilgunean kokatzea udalak eta auzo elkarteak adostu bazuten ere, bizilagunek sorpresa hartu zuten han bertan etxola zuri bat topatu zutenean, arkuak jarri dituzten toki berean. «Ez genekien biribilgune erdian hori jarriko zutela», kontatu dute. Udalak dioenez, berriz, etxolek hor izan behar zuten derrigorrez. Izan ere, azaldu duenez, inguruan jarri den ekaitz-tangara sartzen da hortik, eta horri lotutako makinak ere etxola txurian daude.
Hori dela eta, hura ezkutatzen saiatuko dira. «Etxea duna moduko batzuekin apur bat disimulatu nahi dugu, baita hainbat landare eta zuhaixkekin ere», azaldu dute. Dena den, udalak ez du zehaztu zein landare eta zuhaixka mota erabiliko dituzten, ezta noiz landatuko dituzten ere. «Landare eta zuhaixka moten arabera, horiek landatzeko une aproposa iristen denean jarriko ditugu. Oraindik ez dakigu noiz izango den», azpimarratu dute.
Airean dagoen beste data bat da Txomin Txiki etxeko armarria biribilgunera noiz ekarri. «Printzipioz hor jarriko dugu, baina hau ere noiz egingo dugun ez dakigu». Hain zuzen ere, lana amaitu gabe dagoenez, auzo elkarteak ez du hauen inguruko baloraziorik egin nahi izan.
Arantzazuko Amaren horma-irudia
Txomin Txiki etxeaz haratago, auzo elkarteak beste eskaera bat egin zuen 2013an. Urte hartan, Aita Abarzuza auzunea eraitsi behar zuten, eta hango etxe bateko Arantzazuko Ama Birjinaren horma-irudia —azulejuz egina dagoena— gorde nahi izan zuten bizilagunek, auzoko beste tokiren batean jarri ahal izateko. «Horma-irudia kontu handiz kendu zuten eta biltegi batean jaso zuten, non jarri erabaki bitartean», kontatu zuten 2018an bizilagunek.
Geroztik, ordea, horma-irudia ez da biltegitik atera. «Horrekin zer egingo duten ere ez dakigu». Udalak ere oraindik ez du argitu non jarriko duen, ez batute argi. Apur bat gehiago itxaron beharko du.