Zaporeaken janari bilketak euriari eta haizeari aurre egin die
Amaitu berri da Zaporeak proiektuak errefuxiatuen larrialdi egoerari erantzuna emateko martxan jarri duen elikagai bilketako lehen eguna —bihar jarraituko du—. Euria eta haizea kontra zituzten gaur, baina hala ere jendea gerturatu da Bretxan jarri dituzten bi puntuetara. Lehenengoa, merkatura jaisteko eskailera aurrean; bigarrena, Gorriti taberna parean, kioskoaren ondoan, momentuan biltegi moduan ere erabili dutena. Gainera, karpa bat ere jarri dute goizean, baina haizeak bota egin duela kontatu dute antolatzaileek, eta azkenean hori gabe moldatu behar izan dira.
Arropa jasotzen zuten galdetu du baten-batek, baina han zeuden boluntarioek modu lagunkoian erantzun diote zer den jasotzen ari direna. Haietako bat zen Iraitz Etxeberria. Eguna azaltzeaz gain, zer ekar daitekeen gogorarazi du:
Beraz, Etxeberriak adierazi bezala, bi gauza behar dituzte: batetik, elikagaiak —arroza, txitxirioak, dilistak, oliba olioa, curry-a, esne hautsa eta beste hainbat produktu—; bestetik, diru doaintzak, janari hori guztia Lesbosera eraman ahal izateko, baita han ura erosteko ere. Moriako kanpamendua erre zenetik, elikagai arazoez gain, ur edangarria izateko arazo handiak izaten ari dira errefuxiatuak.
Hain zuzen ere, oraindik Moriako kanpamedua zegoela, han izan zen Ujue Arozena. Bere esperientzia azaldu du, eta biharko bilketan gehiago jasotzeko esperantza duela ere nabarmendu du:
Bihar, gaur bezala, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte toki berean izango dira. Larunbata izanik, jende gehiago gerturatzea espero dute.