Zinemako eta arte eszenikoetako emakume profesionalek indarrak batu dituzte 68. Zinemaldian
(H)emen elkarteak deituta, zinemako eta arte eszenikoetako hamarnaka emakume profesional bildu dira gaur goizean Viktoria Eugenia antzokian, indarrak batu, eta argazki sinboliko batean sektorean duten presentzia ikusarazteko.
2018an, Canneseko Nazioarteko Zinemaldiko eskaileretan, zineman lan egiten duten emakumezko profesionalek ateratako argazkiak munduari bira eman zion. Gaur, 68. Zinemaldi bete-betean, ikus-entzunezko eta arte eszenikoetako emakumeen elkarteak asmo berarekin elkartu ditu profesionalak.
“Gizonen eta emakumeen arteko aukera berdintasunak azken urteotan egindako bidean atzerapausorik egon ez dadin, gure zinemagileak ikusarazi eta haiei ahotsa eman behar diegu. Helburu horrekin sortu zen (H)emen elkartea 2016an, eta dagoeneko ehun bazkidetik gora dira elkartea osatzen dutenak. Kopuruak gora egiten jarraitzen du hilabetez hilabete”, adierazi du (H)emen elkartean.
Agerraldian izan dira kameren atzean lanean aritzen diren profesional ugari, baita lan ikusgarriagoak egiten dituztenak ere, esaterako, Oihana Martikorena eta Olatz Beobide aktoreak, eta Lara Izagirre zuzendaria. Hain zuzen, argazki sinbolikoa egiteaz gain, Beobide eta Izagirrek irakurketa bat egin dute, sektoreko emakumeen presentziaren garrantzia azpimarratzeko.
Lara Izagirre eta Olatz Behobideren hitzak
Izagirrek Simone de Beauvoir idazle eta filosofo feministaren aipu batekin hasi du bere hitzaldia: “Ez ahaztu inoiz, emakumeen eskubideak beste behin zalantzan jarriak izateko, nahikoa izango dela krisi politiko, ekonomiko edo erlijioso bat. Eskubide horiek ez dira inoiz erdietsitzat jo behar; erne ibili behar duzue zuen bizitza osoan”.
Beobidek, Beauvoirren hitzei tiraka, kritikatu du COVID-19aren pandemia hasi zenetik, pentsamendu feministak eta emakumeen eskubideek ez dutela lehentasunik izan. “Baita beti bezala, zinemako eta arte eszenikoetako emakumeok batuta jarraitzen dugu, eta horren erakusle izan da 68. Zinemaldian izan den emakumeen presentzia altua”, jarraitu du Izagirrek.
“Beste urteetan bezala, hemen gaude; eta hori besterik ez dugu gogoratu nahi: hemen gaudela”, aldarrikatu du Beobidek. Halaber, gaineratu dute gogotsu daudela “gauza asko egiteko”. Amaitzeko, eskerrak eman dizkiete zinemagintzan eta arte eszenikoetan lanean ari diren emakume guztiei.