Donostiak sari bakarra eskuratu du Zinemaldian, eta zeharka izan da
'Ane' filmak Euskal Gidoi onenaren saria eskuratu zuen, eta honetan Jone Laspiur eta Aia Kurse aktoreek hartzen dute parte.
‘Dasatskisi / Beginning’ filmak irabazi du Zinemaldiko Urrezko Maskorra. Koprodukzio frantziar-georgiarrak gainera, beste hiru zilarrezko maskor ere eskuratu ditu: zuzendari onenarena, Dea Kulumbegashvilirentzat; emakumezko aktore onenarena, Ia Sukhitashvilirentzat; eta gidoi onenarena, filmaren zuzendariak eta Rati Onelik elkarlanean idatzitakoa. Gainera, Onelik filmaren ekoizpenean ere hartu du parte eta aktoreetako bat izan da.
Gizonezko aktore onenaren saria, berriz, Druk/Another round filmeko lau aktoreek jaso dute, alegia, Mads Mikkelsenek, Thomas Bo Larsenek, Magnus Millangek eta Lars Ranthenek. Thomas Vinterberg zinemagileak zuzendua, Danimarka, Suedia eta Herbeheren artean ekoitzi da.
Bestalde, Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan Julien Temple zuzendariaren dokumentalak Epaimahaiaren sari berezia jaso du; The Pogues taldeko liderren historia kontatzen du honek. Argazki Onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Japoniara joan da; Yuta Tsukinagarentzat izan da, Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? filman egindako lanagatik.
Donostiak, berriz, sari bakarra jaso du, eta zeharka izan da. Izan ere, Euskal Gidoi Onenaren sariak Ane filmak eskuratu du, eta honetan hainbat donostiarrek hartzen dute parte, besteak beste, Jone Laspiur eta Aia Kruse aktoreek. Laspiurrek, gainera, modu nabarmenean parte hartu du Akelarre filman ere. Ane David Perez Sañudo gasteiztarrak zuzendu du, eta Zurriolako Butakako saio batean parte hartu zuen filmaren nondik norakoak kontatzeko.
Euskal Zinemaren Irizar Sariko atalean, gainera, Non dago Mikel? Mikel Zabalzaren kasuaren inguruko dokumentalak aipamen berezia jaso du.
Gainontzeko sariak zerrenda batean jaso ditugu:
- Kutxabank-New Directors Saria: La última primavera (Herbehereak-Espainia), Isabel Lambertiren lana.
- New Directors saileko aipamen berezia: Gē shēng yuán hé màn bàn pāi (Txina), Dong Xingyiren lana.
- Horizontes Saria: Sin señas particulares (Mexiko-Espainia), Fernanda Valadezen lana.
- Horizontes saileko aipamen berezia: Las mil y una (Argentina-Alemania), Clarisa Navasen lana.
- Zabaltegi-Tabakalera Saria: A metamorfose dos pássaros (Portugal), Catarina Vasconcelosen lana.
- Zabaltegi saileko aipamen berezia: The Woman Who Ran (Hego Korea), Hong Sang-sooren lana.
- Donostia Hiria Publikoaren Saria: The Father / El Padre (Erresuma Batua), Florian Zellerrena.
- Donostia Hiria Publikoaren Saria, Europako film onena: El Agente Topo (TXile – AEB – Alemania – Herbehereak – Espainia), Maite Alberdiren lana.
- Gazteriaren TCM saria: Limbo (Erresuma Batua), Ben Sharrocken lana.
- Feroz Zinemaldia Saria: Druk / Another Round (Danimarka, Suedia eta Herbehereak), Thomas Vinterberg
- Lurra Saria: Urtzen, Telmo Esnalen lana. Honek “ingurumenaren bakea eta defentsa” ondoen islatzen dituen filma saritzen du.
- Gehitu Elkartearen Sebastiane saria: Falling, Viggo Mortensenen lana.