Mirakontxa eta Easo arteko metroaren zatiko lanen kontratua baliogabetzea aztertzen ari da Euskal Trenbide Sarea
Ekainean gertatutako luiziak eta duela egun batzuk agertutako hondarrak eta lur emariak direla eta, gainkostuak nabarmen handitu dira, kontratazio legeak uzten duena baino gehiago.
Hilaren 25en Mirakontxa eta Easo kale arteko metroko lanak “mugarik gabe” eten zituztela jakinarazi zuen Noticias de Gipuzkoa egunkariak. Era berean, adierazi zuten 28 langileren kontratuak bertan behera utzi zituztela. Euskal Trenbide Sareak ohar baten bidez baieztatu du obra gelditu dutela, “ezusteko” erazo batekin topo egin dutelako; gehiegizko hondarra eta ur emariak agertu ziren tunelaren zulatzean. Ondorioz, baita ekainean gertatutako luiziagatik ere, “aurrekontua nabarmen handitu” dela jakinarazi du ETSk, eta tarte horretako metroko lanen kontratua bertan behera uztea aztertzen ari dira. Izan ere, legeak onartzen duena baino “dezente handiagoak” izango dira gainkostuak.
Kontratu hori baliogabetuta, beste berri bat idatzi eta esleitzea da obren arduradunen asmoa. Kontratu berria gaur egungoan oinarrituko litzateke, baina “barne soluzioak” kontuan hartuko lituzke. ETSek ohar bidez adierazi duenez, urtea bukatu aurretik lizitaziorako aterako lukete. Hala, adjudikatzaileek 2021ko maiatzan obrak berrabiaraziko lituzteke.
Bitartean, lanek aurrera jarraituko dutela argitu du ETSk. Zehazki, orain arteko ABEE berbera ariko da lanean adjudikazio berria gauzatu arte. Lur gaineko lanak “normaltasunez” egingo dute aurrera; lur azpian, berriz, segurtasuna bermatzeko lanak egingo dituzte soilik. Mirakontxa-Easo tarteak 2 kilometro inguru ditu, eta egun %40 egina dago.