Zinemaldian euskararen erabilera "urria" izan dela nabarmendu du Bagera elkarteak
Beste urtebetez, Bagera Elkarteak Donostiako Zinemaldiaren euskararen erabilera neurtu du, eta “urria” izaten jarraitzen duela azpimarratu du.
Lortutako emaitzen arabera, 2020an 131 filmetatik hamabi ekoitzi dira euskaraz, sei euskarara bikoiztu dira —guztiak haur sailean proiektatutakoak— eta hemeretzi film euskaraz azpidatzi dira. Bestela esanda, 37 filmetan izan du euskarak presentzia, alegia, filmen %28,24an; iaz, berriz, 39 filma izan ziren, aurten baino bi gutxiago. Hala ere, portzentaia kontuak hartuta, zortzi puntutan gora egin du, iaz filmen %19,70ean izan baitzuen bakarrik.
Hala ere, Bagerak nabarmendu duenez, “euskaraz ekoiztutako edo azpidatzitako filmak oraindik ere ez dira sail guztietara zabaldu”. Grafikan ikus daitekeen bezala, Zabaltegi da euskararen presentzia gehien duen atala. Hala ere, sail bakoitzeko film kopuru osoa kontuan hartzen bada, haurren saila eta Zuzendari berriak atala dira proportzioan euskarazko film gehien dituztenak, Euskal zinemaren saila alde batera utzita. Perlak eta Horizontes sailetan, berriz, ez da euskaraz ekoitzi, bikoiztu edo azpidatzitako filmik eskainik.
Emanaldiei dagokienez, guztira 490 emanaldi egin dira Zinemaldiko 68. edizioan. Horietatik, 42 ekoitzi dira euskaraz eta hamabi bikoiztu dira. Beraz, guztira 54 emanalditan izan du euskarak presentzia, %18,16an, alegia.
Honetan, euskararen presentzia gehien Zuzendari Berriak sailean eta haurren atalean dago, bai proportzioan, baita orotariko zenbakiak hartuta. Perlak eta Horizontes sailetan, berriz, ez da euskaraz ekoitzi, bikoiztu edo azpidatzitako emanaldirik izan.
Orotariko datuak kontuan hartuta, filmen eta emanaldien arteko “desoreka” mantentzen dela azpimarratu du elkarteak. Izan ere, batez bestekoan, euskarak emanaldietan duen presentzia filmetan duena baino nabarmen txikiagoa da.
Bestalde, euskarak Zinemaldian duen presentzia, apurka, gora badoa ere, oraindik “entzun daitezkeen hamarnaka hizkuntzetatik” euskara “beste bat” dela nabarmendu du.
Bagera Elkarteak egindako azterketa osoa lotura honetan ikus daiteke.