Parketarrak egitasmoa egingo dute hiriko hamabost auzotan, urriaren 9ra arte
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak haurrentzako Parketarrak egitasmoa abiarazi du berriz, eta urriaren 9ra arte hiriko hamabost auzotan egingo dute: Grosen, Antiguan, Altzan, Bidebietan, Loiolan, Loiolako Erriberan, Amaran, Amara Berrin, Añorgan, Parte Zaharrean, Egian, Aieten, Morlansen, Martutenen eta Ibaetan. Haurren arteko jolasean euskara sustatzea du helburu egitasmoak, eta guztira 105 saio antolatu dituzte oraingoan; ordutegiak Euskara Zerbitzuaren webgunean kontsultatu daitezke. Bi programa prestatu dituzte: 3 eta 5 urte arteko haurrentzat Zabu-zibu programa eta 6 eta 9 urte artekoentzat Txirrintxon programa. Jarduerak koronabirusaren aurkako segurtasun neurri guztiak hartuta egingo dituzte.
Bestalde, Haurrak beti jolasean egitasmoa antolatu du Euskara Zerbitzuak, ikastetxeekin elkarlanean. Urritik ekainera egingo dute Internet bidez, haurrek bazkalostean, eskolaren ondoren eta jolastokian ezin bada bildu, euskaraz jolastu ahal izan dezaten. Lehen hezkuntzako maila guztietan eta haur hezkuntzako laugarren mailatik aurrera egingo dute.
Horretaz gain, haur eta gazteen aisialdiaren denbora gehiena kirolak hartzen duenez, KEESS metodologia abiarazi dute, kirol entrenamenduak euskaraz egitea sustatzeko. Hain justu, hiriko hamazazpi kirol elkartek konpromisoa hartu dute 2020/2021 ikasturtean metodologia hori erabiltzeko. Horrela, 147 taldek euskara erabiliko dute entrenamenduetan, 2.000 haur eta gazteri eraginez. Honako kirol elkarte hauek erabiliko dute KEESS metodologia: Añorga KKE, Askatuak SBT, Egiako Eskubaloi Taldea, Fortuna KE, Donostiako Atletiko, Bera Bera, Easo SBT, Judo Club SS, Gros Xake Eskola, Ur-Kirolak, Groseko Indarra Surf taldea, Konporta KE, Martutene KE, Donostia Gimnasia Erritmikoa, Irutxulo sub urpekariak, Tximeleta eta Reala-Atletismo saila.