Altzako kiroldegi berria datorren urteko irailean irekitzea aurreikusten du udalak
Altzako kiroldegi berriko lanek hainbat atzerapen izan dituzte, bai amiantoa agertu zelako, baita koronabirusaren pandemia dela eta ere. Lanek aurrera jarraitzen dute, eta Marisol Garmendia Hiri Proiektuetako zinegotziak azaldu duenez, “erritmo onean” doaz, eta 2021eko irailean Altzako bizilagunen eskura izatea espero dute.
Horretarako, ordea, udal gobernuak lanen kontratuaren bigarren aldaketa onartuko du, lanak gauzatzeko epea hiru hilabetez luzatzeko eta aurrekontuan 1,5 milioi euro gehiago (%12,67 gehiago) sartzeko, BEZ barne. Horrela, lanen aurrekontu osoa 14,6 milioi eurokoa izango da. Garmendiaren arabera, eraikin berriaren kanpoaldea martxoan amaituko dute, eta orduan hasiko dira azpiegituretako, zerbitzuetako eta kirol ekipamenduetako lanekin. Kiroldegia bukatzen dutenean, hiru solairutan banatutako 10.500 metro karratu izango ditu, eta besteak beste, bi igerileku (horietako bat waterpoloan jokatzeko), gimnasioak, muskulazio guneak, kardio guneak eta hainbat kiroletarako guneak izango ditu, baita kanpoaldeko gune bat ere, non beste igerileku eta kirol gune batzuk izango diren.
Irregulartasunak
Kutsadurak eta pandemiak sortutako arazoez gain, Altzako kiroldegiko lanetan ere beste arazo batzuk izan dira, ELA sindikatuak irregulartasunak salatu baitzituen aurtengo otsailean, han aritutako langileak legez kanpo aritu baitziren lanean abuztutik, astean 50 ordu baino gehiago lan eginez eta 1.000 euroko soldatak jasoaz. Hedabide honek luze eta zabal jorratu zuen gaia otsailean.