Haurtxoko eta gaztelekuetako langileek elkarretaratze bat eta hainbat sinadura bilketa egingo dituzte
Donostiako haurtxoko eta gaztelekuetako eta Martuteneko Etxarriene zentroko langileek mobilizazioak egiten jarraitzen dute, eta jarduera egingo dituzte aste honetan. Hain justu, lau sinadura bilketa eta elkarretaratze bat egingo dituzte.
Gaur, hilak 29, Aieten barrena eta Antiguako Gaskonia plazan sinadurak biltzen arituko dira, 16:30etik 18:30era. Asteazkenean, aldiz, Intxaurrondoko Sagastieder plazan bilduko dituzte sinadurak, 16:30etik 18:30era. Ostegunean, elkarretaratzea egingo dute udaletxearen aurrean 11:00etan, eta arratsaldean, 16:00etatik 18:00etara, sinadurak bilduko dituzte Altzako gazteleku eta haurtxokoan. Langileek hainbat aste daramatzate hiriko auzoetan euren lan baldintzen eta haur eta gazteentzako zerbitzu duin baten aldeko sinadurak biltzen.
Langileen eskaerak
Langileak haserre daude, udalak murrizketa handiak egin baititu euren zerbitzuan; aurrekontua %40 murriztu du, lanpostu batzuk kolokan daude eta langileek oraindik ez dakite noiz hasiko diren lanean. Udalari bilera bat eskatu zioten aspaldi, baina oraindik ez dute irtenbide bat lortu, eta auzia iraileko udalbatzarrera eraman zuen EH Bilduren udal taldeak joan den ostegunean. Bestalde, AGISAS elkarteak helegitea aurkeztu zuen duela aste batzuk udalaren plegu berrien aurrean. Hedabide honek zerbitzu horretako bi langilerekin hitz egin zuen hilaren hasieran, eta erreportaje bat osatu zuen.