'Playmobil' eta 'Pokemon: Picachu detektibea' filmez eta 'Pinocchio' antzerkiaz euskaraz gozatu ahal izango dute haurrek urrian
Donostia Kulturak haurrentzat egitarau zabala prestatu du urrirako. Jarduera gehienak zinemari eta antzerkiari lotuta daude.
Zinemari dagokionez, emanaldi gehienak Aiete Kultur Etxean egingo dituzte. Zehazki, ondorengo filmak ikusi ahal izango dira han: Toy Story 4 (urriaren 3ean, gaztelaniaz), Ballerina (urriaren 5ean, gaztelaniaz), Playmobil (urriaren 10ean, euskaraz), Pokemon: Picachu detektibea (urriaren 17an, euskaraz), Kika Superbruja: nueva aventura de invierno (urriaren 29an, gaztelaniaz) eta Monstruos SA (urriaren 31an, gaztelaniaz). Aipatutako guztiak 17:00etan hasiko dira. Bestalde, urriaren 17an, 17:30ean, Playmobil filma ikusi ahalko da Larratxo Kultur Etxean.
Egun horretan bertan, urriaren 17an, haurrentzako lehen antzerki emanaldia egingo dute Lugaritzen. 18:00etan hasiko da La Baldufa Teatroren Safari euskarazko antzezlana, sabanan kokatzen dena eta bullyingaz hitz egiten duena. Ordubete lehenago, 17:00etan, antzerki emanaldia egingo dute Potx eta Lotxek Ernest Lluchen, Herriko festetan izenekoa.
Urriaren 24an, berriz, beste bi antzezlan ikusi ahal izango dira: Aieten, Didau taldearen eskutik, Peio eta otsoaz gozatu ahal izango da 17:00etatik aurrera; Larrotxenen, 17:30etatik aurrera, Kalean otso etxean uso antzezlana eskainiko du Patata Tropikalak. Azkenik, urriaren 31an, Pinocchio antzerkia egingo du Larratxon Gorakada taldeak. 18:00tan izango da, eta dantza eta musika izango ditu ardatz.
Emanaldi guztiak sei urtetik gorako haurrentzat gomendatzen dira, eta doakoak izango dira, Safari eta Pinocchio antzezlana izan ezik, 4 eta 3 euroko kostua izango dutena, hurrenez hurren. Hala ere, koronabirusa dela eta, gonbidapenak aurretik eskatu beharko dira dagokion kultur etxera email bat bidalita. Izen-emateak ikuskizuna baino bost egun leheneagotik egin ahalko dira, eta pertsona bakoitzeko lau gonbidapen eskuratu ahal izango dira gehienez. Hauek, jarduera hasi baino ordu erdi lehenagora arte jaso ahal izango dira.
Aipatutako emanaldiez gain, udazken osoan Zeu irakurle, gu kontalari jarduera egingo dute hainbat liburutegitan, 6 eta 8 urte bitarteko haurrentzat. Honetan ere aurrez izena eman beharko da.