San Telmok ia 26.000 euroko kalte-ordaina jasoko du Jaurlaritzatik, ertzain baten tiroak koadro bat zulatu ostean

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak ia 26.000 euroko kalte-ordaina ordaindu beharko dio San Telmo Museoari. Hala erabaki du Euskadiko Aholku Juridiko Batzordeak, ertzain baten eskopeta bati tiro batek ihes egin, eta Jose Maria Sert margolariaren 1929. urteko mihise nagusiari 9×10 zentimetroko zuloa egin ondoren. Gertakaria urtarrilaren 21ean gertatu zen; Danborrada dela eta, Ertzaintza museoko elizan dispositiboa kentzen ari zela egin zion tiroak ihes ertzainari. Serten mihiseak San Telmoko elizan daude. Guztira hamaika dira, Sertek Parisen margotu eta ondoren museora ekarri zituztenak. Kaltetutakoa, zehazki, elizako absidean dagoena da.
26.000 euroko kalte-ordainetatik, ia 6.000 euro Serten artelana zaharberritzeko izango dira. Are gehiago, dagoeneko zaharberritu dute, eta Susana Soto San Telmo museoaren zuzendariak Euskadi Irratian nabarmendu duenez, teknikarien lan onari esker, bisitariek ez dute ezer nabarituko. Gainontzeko 20.000 euroak, berriz, margoari egindako “kalte konponezina orekatzeko” izango dira. Izan ere, artelanaren prezio zehatza ezagutzerik ez badago ere, museoak eta Espainiako kultura ministerioak milioi bat euroan kalkulatu dute gutxi gora behera.