Donosskino film laburren festibala egingo dute urriaren 13tik 17ra
Urriaren 13an abiatuko da Donosskino Donostiako Film Laburren Festibalaren laugarren edizioa. Ohikoa baino luzeagoa izango da, bost egun iraungo baitu, eta bi egoitza izango ditu: Aquariuma eta Antzoki Zaharra.
Aurtengo edizioan, Sergio Leoneren The Good, The Bad and The Ugly filmeko sekuentzia ezagunari omenaldia egin nahi izan diote. Horretarako Shorty Western atala sortu dute. Atal hau lehiaketaz kanpokoa izango da, eta lau film laburrek osatuko dute, emanaldi bakoitzeko saio hasieran ikusi ahal izango direnak.
Bestalde, festibalean lehen aldiz nazioarteko film laburrak arituko dira lehian, ShortZinema atalean. Guztira hogei film izango dira, eta parte hartuko dutenen artean daude sari ugari jaso dituen Interstate 8 Anne Thieme zuzendari alemanaren filma, eta Haxiong Bo zuzendariaren Drifting, Zinemaldiko 2019ko edizioan ere izan zena.
Aipatutako bi atal berriez gain, ohikoak diren beste bi atal ere izango dira: Etxean Shortuak, sei euskal film pantaila handian ikusteko aukera emango duena; eta Donosskino Express Lehiaketa, bi aste baino gutxiagotan sortutako film laburren lehiaketa. Azken honetan filmak aurkezteko epea urriaren 10eko 23:59ean amaituko da. Lotura honetan parte hartzeko oinarriak ikusi eta izena eman daiteke.
Beraz, urriaren 13an 19:30ean Donosskino Express Lehiaketako film laburren proiekzioa egingo da Aquariumean; urriaren 14ean, 15ean eta 16ean 19:30ean ShortZinema eta Etxean Shortuak saileko filmak jarriko dituzte Antzoki Zaharrean; eta urriaren 17an, larunbatean, 19:30ean itxiera gala egingo da Aquariumean, eta han iragarriko dira aurtengo edizioko sarituak. Azken honetan, gainera, Donosskino Ohorezko Saria emango dute.
Donosskino Ohorezko Saria
Aurtengo Donosskino Ohorezko Saria Michel Gaztanbide gidoilaria izango da. Gaztanbidek Gidoi Original Onenaren Goya Saria jaso zuen No habra paz para los malvados filmagatik. Hala ere, antolatzaileek nabarmendu dutenez, saria eman nahi izan diote irakasle bezala egiten duen lanagatik, “bereziki film laburrekin haien proiektuak aurrera eraman nahi dutenei lagunduz eta gidatuz”. Izan ere, Gaztanbide Larrotxeneko eta Elias Kerejeta zine eskolako irakaslea da.