Donostiako Udalaren txistulari taldeak iganderoko kontzertu denboraldia hasiko du urriaren 4an
Uda bukatuta, Donostiako Udalaren txistulari taldea bueltan da iganderoko kontzertu emanaldiekin. Igandean, urriaren 4an, lehendabiziko kontzertua emango dute, baina aurrez diana joko dute Erdialdean 9:00etatik aurrera. Kontzertua, berriz, Santa Maria Basilikako koruaren azpialdean izango da 12:30ean. Pandemiaren eraginez, Konstituzio Plazako arkupeetan ezingo dira aritu.
Dantza, kantu, biribilketa, obra… lehen kontzertua hiru zuloko euskal txirulak jo ditzaken tankera guztietako musikak entzuteko aukera ezin hobea izango da. Musukoa jantzita eraman beharko da, eta arduradunek adieraziko diete entzuleei zein eserlekutan jarri behar duten. Sarrera doan izango da edukiera bete arte.
Urritik uztaila bukaerara bitartean ospatzen den kontzertu denboraldia bertan behera geratu zen martxoaren 13an COVID-19aren krisiak eraginda. Bitarte horretan, taldeak grabazioen bitartez euskal musikaren hedapen lanean jarraitu du, eta segurtasun neurriek ahalbidetu dutenean hiriko txoko eta bazterrak musikaz animatzen ere aritu dira.