Gipuzkoako Senideak elkarteak elkarretaratzera deitu du bihar Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna dela eta
Gipuzkoako Senideak, herrialdeko zaharren egoitzetako senideen elkarteak, elkarretaratzea egingo du bihar Gipuzkoa plazan, 11:00etan. Izan ere, Pertsona Nagusien Nazioarteko eguna da urriaren 1a, eta hori dela eta erresidentzietan dauden pertsonen eskubideak errespetatzeko eskatu nahi dute elkarretaratzearen bitartez.
Joan den astean, elkarte honek Maite Peña Gizarte Politikako diputatuari zuzendutako eskutitza idatzi zuen. Izan ere, martxoaren 4an, diputatuak adierazi zuen sektoreko greba garaian “bidegabeki kobratutako zenbatekoak itzultzeko”. Elkarteak eskutitzan azaldu zuenez, oraindik ez dute horri buruzko gauza berririk jakin: “ez kopuruei dagokienez, ezta nola kalkulatuko diren, ezta zein irizpideren arabera”. “Seriotasun eta konpromiso falta” dela eta “suminduta” daudela jasotzen zuten eskutitzan. Hori dela eta, aipatutako alderdiei buruz zerbait esatea eskatu zioten foru diputatuari.
Gipuzkoako zaharren egoitzetako senideak asteartero bildu ohi dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gipuzkoa Plazako egoitzaren aurrean. Euren aldarrikapenen erdigunean, hain zuzen ere, zahar etxeetako egoiliarren eskubideak errespetatzea, eta langile eta aldundiaren arteko gatazka konpontzea daude.