Groseko La Confianza dendak ateak itxi ditu
Betiko beste saltoki batek ateak itxi zituen larunbatean: La Confianza dendak. Lanerako eta etxerako arropa saltzeaz gain, danborradako arropa ere saldu dute belaunaldiz belaunaldi.
Saltokia bost hamarkadaz Grosen izan bada ere, haren historiaren hasiera Urbieta kalean dago, Revista San Sebastianek jaso duenez. Izan ere, 1930eko hamarkadan Teófilo Abadia Zaragozatik Donostiara etorri zen, eta Urbieta Kaleko 39. zenbakian zegoen Petit Paris dendan hasi zen lanean. Saltoki honetan zirak eta gerrikodun gabardinak saltzen zituzten. Hamarkada amaieran, Abadiak denda hartu zuen, La Confianza izena jarri zion eta etxeko eta laneko arropa saltzen hasi ziren.
1971. urtean, Teófilo hil zenean, haren seme Ricardo eta Eduardok denda tokiz aldatu zuten, hain zuzen ere, Usandizaga kaleko 10. zenbakira, itxi arte izan den tokira. Haien erreleboa Inmaculada Eduardoren alabak eta José Antonio de Olazabal Ricardoren suhiak hartu zuten ondoren. Azkeneko urteetan, berriz, Maria Teresa Ricardoren alaba aritu da dendan.