Kontxa eta Ondarretako kabinetako dutxak erabili ahal izango dira bihartik aurrera
Bihar, urriaren 1a, Kontxako eta Ondarretako kabinak zabalduko dituzte berriro. Hasiera batean, udalak esan zuen dutxak ezingo zirela erabili. Azkenean, ordea, iritziz aldatu eta horiek ere zabaltzea erabaki du, segurtasun neurriak mantentzeko aukera ikusten baitute.
Pandemia hasi zenetik, lehen aldia izango da kabinetako dutxak ere erabili ahal izango direla. Izan ere, uda osoan itxita egon dira. Marisol Garmendia Hiri Proiektuetarako zinegotziak esan duenez, “udako denboraldi ofizialean ez zen posible izan; izan ere, pertsonen kopurua askoz ere handiagoa da, eta hala egitea gomendatzen zuten COVID-19a dela eta”.
Kontxako eta Ondarretako kabinak egunero-egunero 10:00etatik 17:00etara izango dira zabalik. Zurriolakoak, berriz, itxita jarraituko dute. Antza denez, beste bi hondartzetako kabinekin alderatuta, Groseko hondartzakoei erabilera “urria” eman zaiela azpimarratu du Garmendiak. Iazko datuen arabera, pandemiarik gabe, 21.221 aldiz erabili zen kabina zerbitzua udazkenean eta neguan. Hortik, erabileraren %87a Kontxari dagokio, %10a Ondarretari, eta %3a soilik Zurriolari.