Musika aretoak, ziurgabetasunean murgilduta
Normaltasun berria iristearekin batera, kontzertuak pixkanaka itzultzen joan dira, baina erakunde ofizialek antolatutakoak dira itzuli diren ia bakarrak, musika areto eta tabernetako zirkuitua geldirik baitago. Horren erakusgarri da, hain justu, Durangoko Plateruena Kafe Antzokiaren itxiera. Donostian, koronabirusa heldu aurretik, tamaina txikiko kontzertuak antolatzen zituzten hainbat areto eta taberna zeuden, eta panorama osasuntsu zegoen; orain, aldiz, Altxerri da kontzertuak antolatzen ari den bakarra.
IRUTXULOKO HITZA-k zuzeneko musika programatzen zuten bost establezimendurekin hitz egin du, eta erreportaje sakona osatu du: Altxerriko Cristian Bazaesekin, Be Clubeko Iñaki Unzuetarekin, Dabadabako Alex Lopez-Allenderekin, Albokako Jon Martinezekin eta Mogambo aretoa kudeatzen duen kolektiboarekin. Erreportaje osoa ostiraletik aurrera irakurri ahal izango da, astekarian eta webgunean.
Bazaesek azaldu du Altxerrik duen ibilbide luzearengatik ari direla funtzionatzen kontzertuak han, baina neurri asko hartzen dituztela nabarmendu du. Unzuetak, konfinamenduaren aurretik kontzertu asko antolatzen bazituen ere, orain “ezinezkoa” ikusten du emanaldiak antolatzea, “gastuak minimizatuz” ari baitira bizirik irauten. Lopez-Allendek kontatu du datorren astean irekitzeko asmoa dutela, baina oraindik ez dituztela kontzertuak antolatuko. Asmoa dute ahal bezain laster kontzertuak antolatzen hasteko, baina azpimarratu du lehengo erritmora iristea zaila izango dela, “normaltasunaren antzeko zerbait heldu arte”.
Martinezek nabarmendu du zuzeneko musika dela Albokaren bereizgarri nagusia, eta horretan jarriko dutela indarra; momentuz kontzertuak antolatzea ezinezkoa iruditzen zaio, baina musikari bat zuzenean girotze musika jotzen jartzeko aukera aztertzen ari da. Mogambo kolektiboak, bere aldetik, adierazi du ez dutela aretoa irekiko kontzertuak antolatu ahal izan arte, Mogambo ez delako taberna bat bere horretan. Egoera zaila bada ere, eutsi egingo diotela azpimarratu dute.
Bestalde, bostek salatu dute erakundeen laguntza falta, nabarmendu baitute ez direla inolako erraztasunik jartzen ari. Lopez-Allendek azaldu du 2019an Donostia Kulturak propio antolatutako kontzertuak 55 izan ziren bitartean, soilik Dabadaban 200 baino gehiago izan zirela, eta beraz, nabarmendu du argi dagoela hiriak Donostia Kulturak eskaintzen duena baino askoz kultur bizitza handiagoa duela: “Galdera da, erakundeek areto pribatuak kultur ondarearen parte gisa ulertzen dituzte? Diskurtsoek gauza bat diote, baina ekintzek beste bat”.